Autzaganeko lanak hasi zirenetik auzokideek “hainbat arazo pairatu dituzte” azaldu du Zornotzako EH Bilduk bere blogean. Abuztuan eta irailean hango auzokideekin batu omen ziren arazoak bertatik bertara ezagutzeko. Hainbat arazo zerrendatu dituzte: baserri eta lursailetara iristeko zailtasunak, ur-iturrien sikatzea, Bizkaibus zerbitzuaren maiztasuna gutxitzea, baserriak isolamendu akustikoko pareten itzalpean gelditzea, urak zekarren zikina zela-eta galdarak apurtzea…
Horregatik gaia Hirigintza Batzordera eraman dute. Eskumena duenetan Udalari berari eskatu diote arazoei konponbidea emateko eta eskumena Aldundiari dagokion kasuetan, bitartekari lana egin dezala, Aldundiari arazoen berri emanez: “Herritar guztiok ordezkatzen gaituen erakundea da udala eta horixe bera izan behar da bete behar duen eginkizuna”.
Era berean, Autzaganeko obren inguruan “informazioa ezkutatu” izana leporatu dio Bizkaiko Aldundiari: “Iluntasuna eta kudeaketa negargarria izan dira”.