Euskararen erabilera sustatzeko, ‘501 baietz’ kanpaina abiatu dute

Anboto 2015ko urr. 22a, 16:20
Kanpainako arduradunak gaur goizean udaletxean egindako aurkezpenean.

Herritarrei nork bere konpromiso pertsonalak hartzeko eskatzen diete. Euskararen alde, 500 konpromisotik gora batzea da helburua.

Zornotzan euskararen inguruan egindako azterketa batek euskara dakitenen eta erabiltzen dutenen arteko desoreka erakusten du: hiztun kopurua %53koa da, baina erabilera ez da kopuru horren erdira
heltzen: %23. Horrela, euskararen normalizazioaren bidean erabilerak duen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzeko, ‘501 baietz’ izeneko kanpaina abiatu du udaleko euskara sailak.

Martxoan euskara sustatzeko plana onartu zuten eta sentsibilizazioa zuen ardatzetako bat. Lan ildo horri erantzun gura dio kanpainak, Andoni Agirrebeitia alkateak nabarmendu duenez. Udalak baliabideak jarriko ditu, baina herritarrak izango dira protagonista, eta kanpainak parte-hartze aktiboa eskatuko die. Honakoa da eskatzen zaiena: nork bere ohiko bizimoduan erabilpena handitzeko konpromisoak hartu ditzala; konpromiso xumeak zein anbizio handiagokoak, nork bere errealitatearen eta euskara mailaren arabera hartutakoak. 500 konpromisotik gora batzea da helburua.

Konpromiso horiek, idatziz zein bideoan grabatuta helarazi daitezke udalera, urriaren 26tik aurrera. Horretarako, hiru bide ireki dituzte: 501baietz@ametx.net helbide elektronikoa, twitter-eko #501baietz etiketa, eta udal zerbitzuko eraikinetan jarriko dituzten buzoiak. Helbide elektronikoa eta buzoiak mezuei bideratuta daude, eta twitter etiketa mezuak zein bideoak jasotzeko.

Datorren astetik aurrera, kanpainari zabalkundea emateko sortu dituzten bideoak emititzen hasiko dira, eta herritarrek eredu hori erabili dezakete bideo propioak egiteko. Bideo horietan, askotariko adin tarte eta jatorriko eragileak ageri dira, bakoitza bere konpromisoak hartzen. Tartean daude Xabi Etxeita futbolaria, Iñaki Iza pilotaria eta Iraia Garcia korrikalaria.

Konpromiso etengabea

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta egun horri begira antolatu dute kanpaina. Baina ez dute egun bateko ekitaldira mugatu gura, Rafa Ugalde euskara teknikariaren esanetan: “Horregatik, abenduaren 3a ardatz hartuta, aurretik jendearen gogoetan eragingo duen kanpaina hau egitea erabaki dugu”.

Abenduaren 3an jasotako bideo eta mezuak herrira zabalduko dituzte, eta udalaren partetik adierazpen instituzionala irakurriko dute. Ikastetxeetako gazteekin batera ere antolatuko dituzte ekimenak. Ikastetxeetan eman dute kanpainaren berri eta “badakigu batzuek kanpaina bere egin dutela”, adierazi du Idoia Zuloaga euskaltegiko zuzendariak. Datorren astean beste batzar bat dute ikastetxeko arduradunekin gaia gehiago zehazten joateko.

Kanpaina ez da abenduaren 3an amaituko. “Etengabeko kontzientziazioa” izan dadila gura dute. Horregatik, ostean, jasotako konpromiso denen jarraipena egingo dute. Denei mezu bana idatziko diete hartutako konpromisoa gogoraraziz, eta betetzen jarraitu dezatela eskatuz: “Konpromiso sendoak eta benetakoak izan daitezela gura dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!