Hezkuntza aurrerakoiari buruzko gogoetak, zapatuan, Zelaieta zentroan

Anboto 2015eko urriaren 15a

Zornotzako Andra Mari ikastolak hezkuntzaren arloko hainbat gai jorratuko dituen hitzaldi sorta antolatu du, zapatu honetarako. Guztira, lau hitzaldi izango dira, Zelaieta Zentroko auditoriumean, Maddalen Iriarte kazetari eta ikastolako ikasle ohiak gidatuta.


“Biharko zornotzar euskaldun, prestatu eta arduratsuak hezten” laguntzeko antolatu dituzte hitzaldiak, Andra Mari ikastolako kideen esanetan. Azken 50 urteetan, ikastolaren programa “hezkuntza euskaldun eta aurrerakoi baten aldekoa izan da, eta aurrerantzean ere, halaxe izaten jarraitu gura dugu”, adierazi dute.

Lehenengo hitzaldia Paul Kasares soziolinguista eta Nafarroako Unibertsite Publikoko irakasleak eskainiko du, 10:00etatik aurrera, eta eleaniztasuna eta kulturaren transmisioa izango ditu berbagai. 11:00etan, K2K Emocionando-ko presidentea den Koldo Saratxagak hartuko dio erreleboa. Gizaki askeak hezteko hezkuntzak hartu ditzakeen bideen gainean jardungo du.

12:00etan, haur psikiatrian eta psikologian aditua den Rafael Cristobalek ‘Konfiantzaren pedagogia’ izeneko hitzaldia eskainiko du. 13:00etan hasiko den azkenengo hitzaldiko protagonista Mari Luz Guenaga izango da. Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak hezkuntzaren berrikuntzan teknologiak duen eraginaren gainean jardungo du.

Izen-ematea
Hitzaldiak dohakoak dira eta hezkuntzaren arloko eragile denei bideratuta daude: guraso, irakalse, ikasle zein herritarrei. Aforoa bete arte honako helbide elektronikoan eman daiteke izena: solasaldipedagokikoak@gmail.com. Izen-abizenak, lanbidea eta telefono zenbakia jarri behar dira e-mailean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!