“Pausuz-pausu Zornotza oinezkoentzako herri atseginagoa bihurtuko duen herri-eraldaketagaz jarraitzeko helburua dute hiru ekintzek”, adierazi du Andoni Agirrebeitia alkateak: “Eredu horretan sinesten dugu”. Lanek eragingo duten albo kalteez ere argibideak eman ditu: “Lanek zaratak, zikinkeria, trafiko mozketak… eragiten dituzte. Badakigu jendeari eragozpenak sortuko dizkiogula eta barkamena eskatzen dugu aldez aurretik, baina inguruko bizilagunei zein zornotzar denei ekarriko dizkien hobekuntzek ahalegin hori merezi dutela uste dugu”.
Inguru horretako hiru autobus geltoki tokiz aldatuko dituzte, martitzenetik lanak amaitu bitartean: San Juan kaleko biak San Migel kalekora tokialdatuko dituzte; San Migel kaleko bat —Lemoarako noranzkoa— Nafarroa kalerantz dagoenera eramango dute. Era berean, “lanen eraginez kenduko diren aparkaleku ia denak errekuperatu egingo dira lanak amaitzen direnean”, Agirrebeitiak nabarmendu nahi izan duenez.
Honako hauek dira anbulatorio inguruko hiru ekintza nagusiak:
San Juan kalearen berrurbanizazioa (Gregorio Mendibil eta Konbenio kaleen arteko tartea)
Martitzenean hasiko dira. Lanek bost hileko iraupena izango dute, 400.000 euroko aurrekontuagaz. Fernando Lazkano proiektuko obren zuzendariak eman ditu zehaztapenak gaurko prentsaurrekoan.
San Juan kaleari eragingo dio. San Juan eta Kalbario kaleen arteko lotunean biribilgune bat egingo dute trafikoa hobeto bideratzeko eta arintzeko.
Berrurbanizazio lanekin espaloien espazioa 1.500 metro karratutan haziko da gune horretan. Oro har, lorategiak eta argiteria kalearen egitura berrira moldatuko dituzte eta kale osoari uniformetasuna emango diote. Horniketa hodieria ere berrituko dute 200 metrotan, besteak beste.
Jose Antonio Agirre kalean ere lanak egin nahi dira, ikastetxetik datozen ibilgailuek ezkerretara egin ez dezaten. Horregatik, puntu honetan erdibitzailea itxiko da, oinezkoen pasabide bien artean dagoen lorategia handituz.
Kaitanako enparantza
Lan hauek ere martitzenan hasiko dituzte. Zazpi hilabeteko egikaritzapen epea eta 675.000 euroko aurrekontua dute.
Lanak 7.500 metro karratu baino gehiago dituen partzela baten barruan egingo dira. Han eraikiko dira Zornotza anbulatorio berria, babes ofizialeko 30 etxebizitza eta eta 32 etxebizitza libre, azken horiek eraikin banatan. Gainera, bi eraikinen artean geldituko den tartean 1.600 metro karratuko plaza bat egingo dute. Gaur egun han dauden bananondo zuhaitzak mantendu egingo dituzte.
Anbulatorio eta etxebizitza berrientzako azpiegiturak ere hornituko dituzte: ura, gasa, elektrizitatea, telefonia, euri urak eta ur zikinak hustutzeko kanalizazioak, zoladurak, argiteria…
Lan horiek guztiak proiektuaren lehen faseari dagozkio. Etorkizuneko bigarren fasean Santa Ana kalera arteko lotunea egingo dute, zig-zagean igoko den bidexkagaz eta berdeguneagaz.
Anbulatorioko garajeetarako sarrera kenduta, gainerako espazio osoa peatonala izango da.
San Juan eta San Migel kaleen arteko tartearen eraberritzea (Gregorio Mendibil kaleko lotuneraino)
Obra hori esleipen prozesuan dago. Lanak abenduan hastea aurreikusten dute. Sei hilabete iraungo dute 800.000 euroko aurrekontuagaz.
Lanek San Migel kalea eraldatu egingo dutela adierazi dute. Oinezkoak lehenetsiko dituzte, kaleari nortasun berria emanez. San Migel kalean egingo den aldaketarik handiena ibilgailuak bertara sartzeko errei bat kentzea izango da. Orain hiru daude: bi sartzeko eta bat irteteko. Herrigunera sartzeko dauden bi erreietako bat kenduko dute, sartzeko zein irteteko errei bana utziz. Horrekin irabazitako azalera kalearen ezkerreko aldean oinezkoentzako paseabide bat egiteko erabiliko da. Ondorioz, espaloia asko zabalduko dituzte; 9,5 metro izango ditu punturik zabalenean. Orain, metro biko zabalera du, batez beste. Zuhaitzak ere atonduko dituzte luzera osoan.
Espaloi horretan saneamendu eta argiteria azpiegiturak daude gaur egun. Uren hodieria berritu eta hodi zabalagoak jarriko dituzte. Obrak aprobetxatuz, gaur egun ez dauden gas, telefonia eta argindar azpiegiturak —Kaitana plaza berrian izango du transformazio gunea— gehituko dizkiote.
Autobus geltoklen aldaketa
Irudian laranja kolorez autobus geltokiak gaur egun dauden tokia. Berde kolorez nora tokialdatuko dituzten martitzenetik lanak amaitu arte.