Ogenbarrena auzoan, jaiak ospatuko dituzte, asteburuan. Musikari dagokionez, gustu anitzak asetzeko eskaintza prestatu dute. Bihar, barikua, 21:30ean, doinu elektronikoak nagusituko dira Oye Radioko Javi Bravok eskainiko duen diskofestagaz. Zapatuan, rockzaleen txanda izango da, eta, 22:00etatik aurrera, bertsio talde batek Bon Joviren abesti ezagunak ekarriko ditu Ogenbarrenara. Azkenik, domekan, 18:00etan, nagusientzako erromeria bat egongo da.
Musikaz gainera ere, badago zer ikusia eta zertaz gozatua. Esaterako, barikuan, 18:00etan, briska eta igel txapelketak jokatuko dituzte. Ordu berean, haurren parkea irekiko dute puzgarri eta ohe elastikoekin. Ping pong txapelketa bat ere egingo dute, 19:00etatik aurrera.
Zapatuko ekitaldi nagusia babarrun lehiaketa izango da. Goiza kozinatzen igaro ostean, 14:00etarako aurkeztu behar dira platerak. Bitartean, gaztetxoenek haurren parkean eman dezakete goiza. 17:00etan, mus txapelketa hasiko da, eta, 19:00etan, magia saio bat.
Domekan, 11:30ean, buruhandi eta erraldoiek bisitatuko dute Ogenbarrena, gaztetxoenen gozagarri. Ostean, 13:00 inguruan, apar festa ere egingo dute. Iluntzeko berbenagaz amaituko dituzte aurtengo jaiak.