Asteburu solidarioa egingo dute Zornotzan, Luis Urrengoetxea kaleko tabernariek antolatuta

Anboto 2015eko irailaren 18a

Luis Urrengoetxea kalea.

Ekitaldiz betetako asteburua antolatu dute. Zapatuan batutako dirua AIDAE elkarteari emango diote eta domekan batutakoa La Otra Mirada elkarteari.

Zapatuan, 12:00etatik 15:00etara, puzgarriak eta umeen jokoak egongo dira. Ondoren, 18:00etatik 22:00etara, erromeria eta txokolatada egingo dituzte.

Domeka motorren topaketa bategaz hasiko dute —11:00etan— Mas Curvas elkartearen eskutik. Bitartean, 11:30etik aurrera, umeentzako jokoak izango dira Euskal Herria enparantzan. Eguerdi ingurua Itsua DJaren musikak girotuko du. Azkenik, 14:30ean, paella txapelketa hasiko dute. Hiru euro da izen-ematea. Egun osoan zehar bonsaien gaineko erakusketa bat ere ikusgai egongo da Luis Urrengoetxea kalean.

AIDAE desgaituen integrazioaren arloan lan egiten duen Zornotzako elkartea da. Urtean zehar askotariko ekintzak antolatzen dituzte. La Otra Mirada elkarteak beharra dutenei laguntzeko lan egiten du. Euskadin hainbat proiektu dituzte eta Mongoliako umeei laguntzeko beste egitasmo bat ere martxan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!