Zornotzako hilketaren ustezko egilea atxilotu dute Bilbon

Anboto 2015ko ira. 17a, 23:24

Hilketa gertatu eta ordu gutxira Bilbon atzeman dute Ertzaintzak eta Bilboko udaltzaingoak.

Gertaera gaur arratsaldean izan da, 18:30 inguruan, Zornotzan ortuak dauden zonalde batean. Lekuko batzuek gizonezko bat beste gizonezko bat erasotzen eta ondoren ihes egiten ikusi dute eta Ertzaintzari abisua eman diote. Ertzaintza eta osasun zerbitzuak bertaratu dira eta 61 urteko biktima artatu dute. Hainbat kontusio zituen gorputzean. Ezin izan dute ezer egin; hilda zegoen.

Gertatutakoari buruz informazioa batu ostean, Durangoko Ertzain-etxeak bilaketa operatiboa martxan jarri du. 37 urteko gizon baten bila zebiltzan eta aurrekari polizialak zituen, Ertzaintzak ohar batean jakinarazi duenez.

Handik ordu gutxira, Bilboko udaltzaingoko patruila-auto batek susmagarriaren autoa aurkitu du Bilboko Alde Zaharrean. Ertzaintza bertaratu eta susmagarria atxilotu du. Homizidioa egozten diote.

Ertzaintzaren arabera ikerketak aurrera darrai jazoeraren inguruabarrak jakiteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!