El Salvadorri laguntza eta Euskal Fondoa elkarteari abisua Zornotzan

Anboto 2015ko ira. 15a, 12:30

EH Bildu El Salvadorrerako proiektuaren gaineko azalpenak ematen atzoko udalbatzarrean

Euskal Fondoa elkarteak El Salvadorren duen proiektu bat diruz lagunduko du Zornotzako Udalak. Ahoa batez onartu du udalbatzak. Baina EH Bilduk eta HiriEkimenak proiektuaren bertako kudeatzaileen gaineko susmo txarrak salatu dituzte. 

Euskal Fondoa El Salvadorreko —Ertamerika— zonalde bateko herritarrak ur edangarriz hornitzeko egitasmo bat aurrera eramaten dabil. El Salvadorreko ekimen hori diruz lagunduko du Zornotzako Udalak. Atzoko udalbatzan aho batez onartu zuen.

EH Bilduk eta HiriEkimenak alde bozkatu zuten bertako herritarrak ur edangarri barik ez uzteko, baina proiektuarekiko euren dudak mahaigaineratu zituzten. EH Bilduk “zalantza asko” ditu. Proiektua El Salvadorren bertan aurrera eramaten ari diren partaideek sortzen dizkiete zalantzak, euren artean nartotrafikanteak, pertsonen trafiko ilegalean dabiltzanak edo eta tiroketan adituak direnak egon daitezkeelakoan: “Euskal Fondoari proiektuaren kudeatzaile garbi bat bermatzeko” eskatu zioten. Euskal gizartearen dirua beste herrialde batzuetan garapenerako laguntza moduan “kamuflatuta” joatea ezin dela onartu esan zuten “ustelkeria gehitzea” dakarrelako: “Pertsona horrek, bere azkenengo ekintzan, babestutako lursail bat suntsitu du zuhaitzak moztuz eta bertako ibai baten ura desbideratuz. Ur horren desbideraketak epe laburrean betidaniko hainbat ur putzu lehortuko ditu. Gure herrian ere antzerakoa gertatu izan da, hainbat ur putzu nahita lehortu direlako diru kopuru handi baten truke”.

HiriEkimenak hurrengo lankidetza proiektuetan “dirua noren eskuetara joango den modu zehatzagoan aztertzeko” eskatu zion Euskal Fondoa elkarteari.

Euskal Fondoa Euskal Herrian hegoaldeko instituzio, erakunde sozial eta komunitateekiko harreman solidarioen alde diharduten eta esperientzia lokalak biltzen dituen lankidetzarako tresna da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!