Eroskik supermerkatu berri bat irekitzeko asmoa dauka Tantorta auzoan. Eraikinak 1.500 metro karratu izango lituzke eta proiektuak 3.500 metro karratuko lurzoruari eragingo lioke. Ez da gaurtik biharrera gauzatu daitekeen proiektua eta bide administratibo luzea eskatzen du, arau subsidiarioetan aldaketa bat tarteko, baina, datorrenerako, tantortarrek prest izan gura dute. Hango bizilagunek auzo elkarte bat sortu dute. Supermerkatuaren etorrerak inguru hartan eragingo duen berrantolaketa abagune aproposa iruditzen zaie auzoko gabeziak salatu eta udalari hobekuntzak eskatzeko. HiriEkimena plataformaren bidez egin dute. Abel Isasi zinegotziak auzotarren eskakizunak jasotzen dituen testu bat irakurri du gaurko udalbatzarrean. Oraingo honetan, hobekuntza horiek gauzatzeko “lurzori publikoren ezaren aitzakiarik ez erabiltzeko” eskatu diote udalari eta nahi izanez gero formulak egon badaudela diote asmoak aurrera eramateko.
Tantorta sortu zenetik 65 urte joan direnean oraindik “oinarrizko azpiegitura barik” jarraitzen dutela diote eta euren eskakizunak zerrendatu egin dituzte. Madariaga zegoen lurzoruaren jabetza lortu, inguruko fatxada eraitsi eta han aisialdi gune bat egiteko eskatu dute. Oro har, kirol gune baten beharra ere ikusten dute.
Hobekuntza batzuk trafikoari eta sarrera-irteerei dagozkie. Inguru hartan dagoen Ilarduya enpresarako sarrera auzotik kendu eta Serpinsako poligono industrialera bideratzea gura dute. Horrekin batera, ez dute nahi Eroskirako sarrera auzotik izatea.
Inguruko auzoetarako komunikazioak hobetzea ere gura dute: ibairen ondotik Ixerangora arteko bidegorria eginda eta Goma poligonotik Ogenarako bidea berriro irekita. Mendira doan bidean pasabide kanadiar baten beharra ikusten dute, euriteek dakartzaten harri, adar eta zikinak irentsiko dituena.
Aparkalekuen gehikuntza bat ere proposatu dute eta baita autobus geltokia tokiz aldatzeko eta hobetzeko ere, markesina bat jarrita.
Azken eskakizun biak ingurumenaren eta enpleguaren gainekoak dira. Batetik, Ilarduya enpresaren jarduerak legalak diren segurtatzeko eskatzen dute: “Jakin izan dugu kanpoaldean produktu kimikoak daudela eta horrek ez du legedia betetzen”. Azkenik, Eroskik Tantortako auzotarrak kontratatzeko konpromisoa hartu dezan gura dute.
Eskaerak hirigintza batzordera
Eskaerak hirigintza batzordean aztertuko dituztela adierazi du Andoni Agirrebeitia alkateak. EH Bilduk gogoratu du aurreko legegintzaldian ere proposamen batzuk heldu zirela udalbatzarrera eta hirigintza batzordean gai horri buruz eztabaidatzeko prest agertu da. Eroski etorri zein ez Tantortako gabezei konponbide bat ematearen alde agertu da.