Aldundiak obrako kontratuak eten eta gero, Autzaganeko tuneleko obrak noiz amaituko diren galdetu dio EH Bilduk Aldundiari. Proiektuaren inguruan "obskurantismoa eta informazio falta" dagoela kritikatu du EH Bilduk ohar bidez, eta ingurumenean lanek eragin dituzten kalteak ekarri dituzte gogora, hala nola akuiferoak sikatzea, eta iaz Oka ibaian izandako isurketak. Isurketa horien ondorioz, URA Ur Agentzia eta Garraio eta Lan Publikoen Departamenduaren esku hartzea beharrezkoa izan zen Autzaganeko Aldi Baterako Enpresen Elkarteari arazoa zuzentzeko neurri urgenteak eskatuz.
Hemendik aurrerako pausuak zeintzuk izango diren jakin nahi du koalizioak, eta obrak noiz arte atzeratuko diren. Ingurumenean egindako kalteengatik, Autzaganeko Aldi Baterako Enpresen Elkarteari eskatu dakiokeen balizko penalizazioaren inguruko informazioa ere eskatu dio Aldundiari.