Zuriñe Hidalgok eta Xabin Fernandezek ETB1en gidatzen duten Kantugiro saioak Zornotzan geldialdia egingo du, Karmen jaietan. Lesakan, Hernanin, Lekeition eta Zumarragan egon ostean, uztailaren 17an, zornotzarrek kantuan egiteko duten sena erakusteko aukera izango dute. Euskal Herriko karaokerik handiena udaletxe pareko plazan atonduko dute datorren asteko barikuan, 17:00etatik aurrera. Saioaren arduradunek jakinarazi dutenez, “Durangaldeko saltsero eta abeslarien bila gabiltza, karaokean parte hartzeko”. Abeslaririk onenak 200 euroko saria eramango du etxera.
Izen-ematea
Izena eman gura dutenek whatsapp bat bidali behar dute 626 181 417 telefono zenbakira, edo mezu bat kantugiro@eitb.eus helbide elektronikora.