Zornotzako jaiak 2015

Kultur eskaintza zabala eta herriko elkarteen lana uztartuko dute Karmen jaiek

Anboto 2015ko uzt. 8a, 13:48

Jaiak aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur goizean.

Dena prest dute Zornotzan 13 egun luze hartuko dituzten herriko jaiei aurre egiteko. Karmenekin hasiko dira eta Santanatxu eguna heldu artean jai giroa izango da nagusi herriko kale eta bazterretan. Zornotza Xake Klubaren esku utzi dute aurten jai giroa zabalduko duen pregoia botatzeko ardura. Elkarteko presidente den Mª Carmen Montoya igoko da udaletxeko balkoira. Urduri hartu du ardura hori, hala ere, elkarteak ohore handiz hartu duela dio. "Burukomina sortzen dit niri, baina, elkarteko kideek merezita dute eurok egiten dute lan guztia-eta". Xake oso interesgarria dela esan du Montoyak eta ekarritako onurak nabarmendu. 

Azken urteetako formulari eutsita, musika eskaintzak, kale ikuskizunek eta herriko kultur, kirol eta gizarte eragileek antolatutako jarduerek osatutako jai egitarau zabala dakarre Karmengo jaiek. Oreka lortu dute,  horixe da nobedade nagusia Luisja Ugarte kultura teknikariaren berbetan: “Izen propioak aldatu diren arren, oreka mantentzeko formula topatu dugu, orokorrean  erantzun oso ona lortuz”.

Bide horretan, pregoia botako duen Zornotza Xake Klubari eta jaien antolaketan parte hartzen duten herriko elkarte guztiei esker ona adierazi gura izan diote, gaur egin duten aurkezpen ekitaldian. Xake klubaren lana goratu du Andoni Agirrebeitia alkateak. Azken hamar urtean Euskadiko Xake Txapelketa antolatzeaz arduratu direla gogoratu du. Aldi berean, azpimarratu du Zornotzako xake jokalariak Euskal Herriko onenekin aritzen direla leian.

Askotariko estilo eta gustuak batu gura izan dituzte uztailak 15ean hasiko diren Karmengo jaietan. Ez dute hutsik egingo tradizio luzea duten ekintza jendetsuak, halanola, Larrako jaiak, Aittitte-amamen egunak, Santanatxu Egunak, Danborrak eta Kuadrilen Egunak . Ezta azken urteetan indarra hartu duen marmitako txapelketak ere.

Musika eskaintza ere zabala izango da: Betagarri, Vendetta, Los Sabandeños, Mikel Urdangarin edota Anne Etchegoien egongo dira Zornotzan. Kale ikuskizunei dagokionez, berriz, Kukai-Ttanttaka, Ganso edota Serbiatik etorritako dantza taldearen ikuskizuna izango dira ikusgai.

Askotariko ekintzak
Hainbat dira askotariko ekintzak batuko dituzten jaiguneak. Herri-kirolak, xake eta tenis txapelketak, esku-pilota, kuadrilen arteko piragua jaitsiera, futbola, errugbia, umeen bizikleta-martxa... asko dira kirol jarduerak. Baita txikienentzako ekintzak ere: jolas-parkeam haur-danborrada eta IV. Scalextric txapelketa, esaterako. Kuadrilen Eguna, Talent Showa eta mozorro desfilea ere batu dituzte egitarauan.

Berdintasuna
Mitxel Etxebarria kultura zinegotziak gogoratu du jaiak ondo pasatzeko direla, baina, “errespetuz, adiskidetasunez eta tolerantziaz”. Era berean, gizabidez jokatzera deitu du, eta sexu erasoak baztertzera. Jaiak berdintasuna eta dibertsitatea aintzat hartuz disfrutatzeko deia egin du Zornotzako udalak. Horrekin lotuta Berdintasun Batzordearen ekimenez, eraso sexisten kontrako txapak banatuko dituzte jai guneetan; 10.000  aho-zapi ere banatuko dituzte txosnagunean eta tabernetan otartekoiekin banatzeko eta Marmitako txapelketan 3.000 pegatina banatuko dituzte aulki eta mahaiekin batera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!