Arturo Apraiz, geologoa: "Himalaia mendilerroa milioika lurrikaren erraginez sortutakoa da"

Anboto 2015ko uzt. 4a, 10:00

Arturo Apraiz geologia irakasle zornotzarrarengana jo dugu, lurrikaren inguruan gehiago jakiteko. Apraizek dioenez, lurrikara bat gertatuko den aurreikusteko modurik ez dago. Gurean pentsaezina da Nepalen  izandako lurrikararik gertatzea. Arrisku sismikoa txikia da Euskal Herrian; hala ere, dardara sentituko bagenu, larritu egingo ginateke, printzipioz arriskurik ez legokeen arren. 


Lurrikarak indar suntsitzaileak dira gizakiontzat, baina indar eraldatzaileak Lurrarentzat.
Lurraren jarduteko era gure denbora eskalatik oso urrun dago. Hor dago arazoa. Milioika urtean lurra gai da Himalaia, ozeanoak eta gauza izugarri politak sortzeko, baina horretarako gertakizun puntualak ere sortu behar dira tarteka: lurrikarak edo prozesu bolkanikoak. Azken horiek daude gure denbora eskalan; horiek dira sentitzen ditugunak, gugan eragina dutenak.

Zerk sortzen du lurrikara?  
Mugitzen diren oso plaka handiz osatzen da lurzorua, eta, batak bestearen kontra talka egitean, indar izugarria pilatzen da: urtean bi eta hamar zentimetro arteko mugimendua izan daiteke, baina, urteak pilatzean, kilometro asko pilatzen dute. Plaka bi elkarri bultzaka dabiltzanean, urtebetean ez da ezer gertatuko, baina, apurka, lurrazaleko arroketan pilatuko da indar hori. Gehiago ezin diotenean eutsi, bat-batean apurtuko dira arroka horiek, eta energia izugarria askatuko dute.

Aurreikusteko modurik ez dago.
Zientifikoki ez. Ez dago ikertzaileak ados jartzen dituen formularik, sasi-zientziagaz lotutako proposamen batzuk egon arren. AEBak eta Japonia lurrikara askoko lurraldeak dira; potentzia ekonomiko garrantzitsuak biak. Eta ikerlari talde asko dabiltza lanean, lurrikara non eta noiz gertatuko den, behintzat, jakitera hurbildu guran. Baina hainbeste dira kontuan hartu beharreko faktoreak... Eta denak ez ditugu ezagutzen, gainera. Oso zaila da, eta, etorkizun laburrean, ez dut uste lortuko denik.

Horiek dira arrisku sismiko handiena duten herrialdeak?
Lurrikarak ez dira berdin gertatzen mundu osoan. Dena den, Ozeano Barearen inguruko lurralde guztiak eta Himalaiatik Alpeetarako mendikate gerrikoaren ingurua dira arrisku sismiko handiena dutenak, bertako ezaugarri geologikoengatik.

Horren ezaguna den San Andres faila dago hor.
Bai. San Andres filma ere estreinatu dute orain. Kalkulu estatistiko bat ere badago: 100 urtetik behin lurrikara bat izango dute San Frantzisko hirian, historikoki horrela gertatu da. 1906. urtean, hiria guztiz suntsitu zuen lurrikara batek. Ia 110 urte pasa dira. Oraindik ez da gertatu, baina zain daude, badakitelako datorren hilean, hurrengo urtean edo bost urtera gertatu gertatuko dela. Aurreikusterik ez dute, ezta prebentzio lanik egiterik ere. Arriskuagaz bizitzen ikasi behar dute.  

Hildako eta kalte asko eragin ditzake lurrikarak.
Bai. Baina hildakoak ez ditu lurrikarak sortzen. Lurrazala zatitzen duten arrakalak erakusten dituzte filmek, horietatik jausten diren pertsonak... Hori gezurra da. Lurrikarak metro bat edo biko aldaketa sortzen du, arrakala erraldoirik ez. Askatutako energia da kontua: 4,5 magnitudeko lurrikarak bonba atomiko batek beste energia sortzen du; 7koak 100 edo 1.000 bonba atomikok batera askatutakoaren parekoa. Gizakiak eragindako parekorik ez dago, natura indartsuagoa da.

Horrek sortzen du suntsipena.
Eraikinak, zubiak, tunelak... kulunkarazten ditu lurrikarak, eta horiek jaustean egoten dira hildakoak. Himalaiaren magalean aske dauden harriak mugiarazi ditzake, eta korronte horrek herriak estali, eta hildakoak eragin ditzake. Lurrikararik bortitzenak ere zelai batean harrapatzen bagaitu, gehienez, jausi egingo gara, dardararen ondorioz. Ez dago arriskurik. Hemen ez gara arrisku horregaz bizi, ez dugu horren ardurarik.

Euskal Herrian lurrikararik egotea pentsaezina da?
Lurrikara txikiak gertatu izan dira, erregistratuta daude, baina, gutxi. Noizbehinka egon da 3 edo 3,5 magnitudekorik; 4koa gauza handia litzake. Hala ere, horiek ez dute eraikinak botatzeko nahikoa indar. Hemen, pentsaezina da magnitude handiagoko lurrikararik, magnitude txikiko milaka dauden tokietan gertatzen direlako lurrikara handiak. Arrisku sismikoa oso txikia da, baina, sentituz gero –lanpara mugitzen ikustean, adibidez–, larrituko ginateke, berz, beste arriskurik egon ez arren.

Nepal dugu oraindik gogoan. Himalaia ere mugitu ei da
Bai, Everest zentimetro bi altuagoa dela diote. Indiak eta gainerako Asiak elkarri bultza eginez sortu da Himalaia, azken 40 milioi urtean; milioika lurrikararen eraginez sortu da. Mendi turismoa da diru iturri nagusia Nepalen, eta lurrikara batek uxatu du guztia: paradoxa da.

Lurrikarei ezin zaie aurre egin.
Ez, eta eskerrak! Aurre egin ahalko bagenie, sortu ere egin ahalko genituzke eta. Noiz eta non gertatuko diren jakiten saiatzen dabiltza, kalteei aurre egiteko. Hildakoak eta kalteak gutxitzeko, hobeto eutsiko dieten eraikinak sortu nahian ere badabiltza. Baina dirua behar da. Duela laupabost urte, Haitin 6,5 magnitudeko lurrikaran 20.000 pertsonatik gora hil ziren; hilabetera, Japonian hogei inguru hil ziren 7,2ko lurrikaran.

Lurrikarak sortzen du tsunamia.
Baldintza zehatz batzuetan, ozeanoaren azpian gertatutako lur mugimenduak sortzen du. Plaka bat metro bat altxatuz gero, gaineko ura ere altxatuko da, eta olatua sortuko du. Horrela, 4.000 metroko ur zutabea izango dugu kostaldera bidean. Olatua gorantz haziko da, eta, itsaso sakonera murriztu ahala, kostara itzelezko indarragaz helduko da. Lo imposiblen ikusten da hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!