Euskadiko Formula Student taldeek 2015eko denboraldiari begira diseinatutako ibilgailuak aurkeztu dituzte gaur Zornotzako AIC-Automotive Intelligence Center-en. Talde biek aurreko aldietan ere parte hartu izan dute. Formula Student Bizkaia taldea Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle talde batek osatuta dago. Uztailaren 9tik 13ra ingalaterrako Silverstone zirkuituko probetan parte hartuko dute eta abuztuko azken asteburuan Kataluniako Montmeloko probetan ibiliko dira. Gipuzkoako Tecnun Motorsport taldea Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen fakultateko lagun talde batek gidatutako proiektua da. Montmelon eta uztaileko azken asteburuan Alemaniako Hockenheim zirkuituan jokatu diren probetan arituko dira.
Bizkaiko taldeko burua den Javier Díezek aurtengo ibilgailuaren gaineko azalpenak eman ditu. Aurten orain arteko altzairuzko xasis tubularra albo batera utzi dute eta, horren ordez, xasis osoa karbono-zuntzagaz eraiki dute. Horrekin batera, ibilgailuko osagai denen banaketa hobetzen ahalegindu dira: “Babesleek gugan jarri duten konfiantzari erantzuteko maximoa eta apur bat gehiago ematen saiatuko gara”, azaldu du eta bere taldekideen lana azpimarratu du.
Gipuzkoako taldeko burua den Javier Riberok aurtengoa urte “zaila” izan dela onartu du “barne egitura berregituratu” behar izan dutelako. Gainera, ikaslerik gehienentzat “lehenengo esperientzia” izan da. Hala ere, denen ahalegina goraipatu du. Ibilgailuari dagokionez, fidagarritasuna izan dute helburu nagusia eta erabaki denak hori bilatu guran hartu dituzte. Horrez gainera, ibilgailuari pisuaren %10a kendu diote eta esekiduran zein grabitate erdigunea jaisteko diseinuan egindako hobekuntzen ondorioz, iaz bihurguneetan zituzten arazoak konpontzea itxaroten dute.
Formula Student ikasketa programa Erresuma Batuko IMechE-k (Institution of Mechanical Engineers) antolatuta eta etorkizuneko ingeniaritza talentuei zuzenduta dago. Programa honetan Europa, Amerika eta Australiako 100 unibertsitate baino gehiagok parte hartzen dute.
AIC zentroa, berriz, Bizkaiko Aldundiak Zornotzako Udalak, Ermuko Udalak, enpresek eta Euskadiko ACICA.-Automozio clusterrak sustatutako fundazioa da. Automobilgintzako sektorean lehiakortasuna hobetzea du helburu.
Formula Stundet Bizkaia taldeko ibilgailuaren aurrealdea:
Formula Stundet Bizkaia taldeko ibilgailuaren atzealdea: