Imanol González irabazle Zornotzako jaietako kartel lehiaketan

Anboto 2015ko eka. 11a, 13:53

Imanol González Estepa zornotzarraren kartelak iragarriko ditu aurten Karmengo jaiak. 16 urte ditu, eta Urritxe institutuko ikaslea da.

Iaz legez, Zornotzako 14-35 urte arteko gazteei bideratuta egon da lehiaketa. Guztira, 21 kartel aurkeztu dituzte; epaimahaiak horietatik lau bereizi ditu, eta Jai Batzordeak “ia aho batez” hartu du azken erabakia, Andoni Agirrebeitia kultura zinegotziaren esanetan.

Jai giroa herriko hainbat elementu esanguratsugaz –Nagelen eskultura, Urgozo iturria eta buruhandiak, adibidez– bateratu ditu kartelak. Hodei Zambrano epaimahaikidearen ustez, “igartzen da zornotzar batek egin duela. Azken finean, bertakoek ulertzen eta irudikatzen dituzte jaiak ondoen. Elementu guztien arteko oreka lortu du. Kartela begiratu, eta berehala ikusten dut erakutsi gura duen mundua”.

Gonzalezek onartu du lehiaketa irabaztea “sorpresa” izan dela: “Ez nuen espero. Iazko kartelek maila handia zuten, eta probatzeagatik parte hartu nuen”. Hainbat arratsalde behar izan ditu kartela osatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!