Jon Idigorasen anai-arreba eta lobek eskaini dute prentsaurrekoa Zornotzan. Bere ibilbide politiko eta sindikalista luzeari errepasoa eman diote eta hil zeneko hamargarren urteurrenean “paregabeko aitzakia” aurkitu dute “pertsona ahaztezinaren dimentsioa bere lekuan ipintzeko”, Josu Idigoras lobak azaldu duenez.
Jon Idigorasek “gorputz eta arima, bizitza osoa, zintzotasun osoz Euskal Herriaren askatasunaren alde” eman zuela adierazi dute, “herriaren nortasunaren bizaraupena oinarri, helburu eta amets zeukala”. Bere ibilbide sindikalista eta politikotik haratago pertsona “oso-oso bat” zela gogoratu dute: “Senide, adiskide, lagun maitagarria eta maitatua, era guztietako jendeak apreziatzen zuena, herrikoia, hurbila, zornotzarron eta euskal herritar guztion bihotzean beti gogoan gorderik iraungo duena”.
Horregatik guztiagatik “bere senideak garen aldetik Zornotzako Udalari eskatzen diogu Jon Idigorasi merezi duen errekonozimendua ematea. Aitortza bat merezi du”. Esaterako kale bati bere izena jartzea izan daiteke horretarako modu bat adierazi dutenez, eta denen arteko adostasuna bilatzeko ahalegina eskatu dute.
Politikari eta sindikalista
Jon Idigoras LAB sindikatuaren eta Herri Batasunaren sortzaileetakoa izan zen. Mahai Nazionaleko kide izan zen 1978tik 1995era, EAEko legebiltzarkidea 1980tik 1984ra eta Espainiako Kongresuko diputatua Bizkaitik 1986, 1989 eta 1993an. Gernikako Juntetxean Eusko Gudariak kantatuz Juan Carlos orduko Espainiako erregearen hitzaldia eten zutenetakoa izan zen.
1989ko azaroaren 20an Madrilen Josu Muguruza hilik suertatu zen atentatua bertatik bertara bizi izan zuen. Idigorasek onik irten zuen.
Azken agerraldia 2004an izan zuen. Donostian, ‘Anoetako Proposamena’ deituriko ekitaldian, Arnaldo Otegik luzatutako bake proposamenari bere sostengua eman zion.