Zornotza pintxo zaleen topagune bihurtuko da eguaztenetik domekara

Anboto 2015ko eka. 2a, 12:54
Zelaieta zentroan gaur aurkeztu dute pintxo lehiaketaren laugarren aldia

Jan Alai pintxo lehiaketan 54 jatetxe edo tabernek parte hartuko dute bihartik domekara. Iaz, denen artean, 65.000 pintxotik gora saldu zituzten.

Aurten laugarren aldia beteko duen Jan Alai lehiaketa herriko pintxorik onena aukeratzeko lehiaketa bat baino gehiago da. Osagai askodun menua da. Herriko taberna edo jatetxeentzat erronka bat da; herritarren dastamena dantzan jarriko duen zapore mazedonia mokatu gutxitan batzea dute helburu. Epaimahaiak erabakitako hamar pintxorik onenen rankingean sartzea ere urte osorako prestigioa da. Lehiaketak pizgarri ekonomiko lez ere funtzionatzen du; iazko aldian, denen artean, 65.000 pintxotik gora saldu zituzten. Herritar eta pintxo zaleentzat, aldiz, serio hartzen duten hitzordua bihurtu da. Nork bere dastamena aditurik onenentzat duela, urterik urtera gero eta gehiago dira pintxo tourra egin eta puntuatzera animatzen direnak.

Aurten 54 taberna edo jatetxek parte hartuko dute lehiaketan nork bere pintxoarekin. Sei gunetan banatuta egongo dira: bakoitzean 9 taberna. Epaimahaikideek pintxo denak probatuko dituzte domekan, 20:00etan, Zelaieta zentroan egingo den sari banaketan onena saritzeko. Irabazleak 1.000 euro jasoko ditu eta 10 pintxorik onenen zerrenda ere jakinaraziko dute. Herritarrek, gutxienez, 18 pintxo probatu behar dituzte euren bozketak balio dezan: gune bakoitzeko hiru. Pintxo bakoitzak 1,3 euro balioko du. Gainera, zerbitzaririk onena ere aukeratu ahal izango dute.

Iaz Boroa jatetxeak epaimahai aditua eta herritarrak ados jarri zituen. Boroakoa izan zen pintxorik onena denentzat eta ez da urtero gertatzen den kontua. Beraz, aurten tronua defendatzea egokituko zaio.

Eguaztenean 19:00etatik 22:00etara egingo dute lehiaketa; eguen, bariku eta zapatuan, berriz, goiz zein arratsalde: 12:00etatik 15:30era eta 19:00etatik 22:00etara. Pintxoak dastatzeko azken aukera domekan izango da, 12:00etatik 15:00etara.

Aurten ohi baino hiru asteburu lehenago antolatuko dute ekimena. Datozen asteburuetan Zornotzan hainbat ekimen izango dira (Haizetara, Enrike Rementeria lehiaketa…) eta horiekin ez pilatzeko hartu dute erabakia gaur lehiaketa aurkezteko prentsaurrekoan azaldu dutenez.

 

Aurtengo taberna edo jatetxe parte hartzaileak eta pintxoak:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!