Zornotzako udalak Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Eguna ospatuko du datorren astean

Anboto 2015eko maiatzaren 21a

Udaleko Gizarte Ekintza Sailak hainbat ekintza antolatu ditu datorren astean zehar egiteko. Osasunak emakumeen bizitzengan eragin nabarmena duela argi uztea da ekimen honen helburua.

Hiru ekintza nagusi izango ditu ekitaldi honek, datorren asteko egun desberdinetan. Alde batetik,maiatzaren 26an, asteartea, "Amaren Eskuak" pelikularen emanaldia egongo da, iluntzeko 20:00etan. Pelikula honek ama den 38 urteko emakume baten istorioa kontatzen du, familia eta bere bizitza profesionala uztartzen saiatzen dena. Honen ama memoria galduta ospitalera eramaten dutenean, guztia korapilatuko zaio.

Maiatzaren 28an herriko emakume kirolariek hitzaldi bat eskainiko dute Zelaieta zentroan, 19:30etan. Iraia Garcia Atleta, Itxaso Martin Athleticeko jokalari ohia eta Naia Fernandez saskibaloi jokalari ohia eta gaur egun entrenatzaile dena izango dira hizlariak.

Azkenik, maiatzaren 30ean martxa izango da, goizeko 11:00etan hasita. Ordu berean, Zubiondo plazatik hasita, errelebo lasterketa egongo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!