Stef Iberian akordioa sinatu dute, eta mobilizazioak geratu dituzte

Anboto 2015ko mai. 14a, 15:54

Langileen eskakizunak aintzat hartzeko konpromisoa hartu du zuzendaritzak.

Zornotzako Stef Iberia enpresako langile asko elkarretaratzeak egiten ibili dira lan baldintza duinagoak eskatzeko. Egoera hobetzeko zuzendaritzaren aldetik idatzizko konpromisoa lortu ezean, lanuzteak egiten hasiko zirela iragarri zuten. Azkenean, hainbat batzarren ostean, lortu dute idatzizko konpromiso hori, eta mobilizazio guztiak geratu dituzte.

Enpresaren aurrekontua doitu arren, zuzendaritzak produktibitatea handitzeko eskatzen zien langileei. Langileak horretarako prest zeuden, baina, ordainetan, baliabide hobeak eskatzen zituzten, eta zuzendaritzaren partetik langileen gainean zegoen presioa arintzea nahi zuten. Sinatutako akordioak ez du erabaki zehatzik jasotzen, baina asmo adierazpentzat hartu du komiteak, aurretik ikusten ez zuen jarrera bat ikusten du, eta sinatzea erabaki du: “Langileek jasaten zuten presioari dagokionez, gauzak beste era batera egingo dituztela diote. Batzarrak egingo dituzte enpresa zelan doan jakinarazteko. Gainera, modu orokorrean planteatuko dituzte, eta ez modu indibidualean”, adierazi du Garikoitz Arruza LABeko ordezkari eta enpresa komiteko presidenteak. Baliabideei dagokienez, “dagoeneko ikusi daitezke hobekuntzak”. Arruzaren esanetan, “hautsa kentzeko makinak erosi dituzte, eta argiztapena hobetzen dabiltza”.

Aurrerantzean, idatzizko akordioa betetzen dela ziurtatzeko jarraipena egingo dutela dio LABeko ordezkariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!