1937ko maiatzaren 18an tropa frankistak Zornotzan sartu ziren. Aurreko egunetan —maiatzaren14an eta 16an, zehazki— bonba su-eragileekin bonbardatu zuten herria, suteak eraginez. Data hori eta Gerra Zibilean hildakoak gogoratzeko ekitaldia egingo dute zapatuan, 12:00etan, Zelaieta parkean.
2010ean oroimen plaka bat jarri zuten parkean eta haren ondoan izango da ekitaldia. Biolontxelista baten doinuek emango diote hasiera zein amaiera 25 minutu inguru iraungo duen ekitaldiari. David Latxaga alkatearen berben ostean, Gregorio Arrien historialariaren txanda izango da. Aurtengo lore eskaintza Elias Euba San Antonio auzoko zornotzarrak egitea aurreikusita dago: “Osasun arazorik ez badu bere emaztea eta biak etorriko dira. Eubak bertatik bertara ezagutu zituen gerrako kontuak eta lore eskaintza egiteko pertsona aproposa dela uste dugu”, adierazi du Joseba Fernández Zornoza elkarte kulturaleko presidenteak. Ekitaldia elkarte honek antolatzen du, udalaren laguntzagaz; aurten Belatxikieta elkartearen laguntza ere izan dute.
Aurten Zornotzako musika eskolako koruko gaztetxoek ere parte hartuko dute ekitaldian: “Ekitaldian hiru belaunaldi batzeko modua da. Azken batean ekitaldiak gertatu zena gogoratu nahi du etorkizunean berriro gertatu ez dadin, eta etorkizuna gaur eguneko gazteak dira”.
Erakusketa Zelaieta Zentroan
Era berean, Zelaieta Zentroan —areto nagusiaren aurrekaldean— argazkien eta guda horretan erabilitako materialen erakusketa bat ireki dute gaurtik zapatura: 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 21:00etara. Materiala Alberto J. Sampedro Aranzadi Zientzia Elkarteko kolaboratzaileak utzitakoa da. Zapatuko oroimen ekitaldia amaitzen denean Zelaieta Zentrora joango dira eta Sampedrok erakusketaren gaineko azalpenak emango ditu.