Politikagintzan “duintasuna eta sinesgarritasuna” berreskuratzeko lana egingo dutela adierazi dute. “Boterearen gehiegikeriak gelditu eta gauzak beste modu batera egiteko sasoia da; ezarritako eredua justuagoa eta jasangarriagoa den beste batengatik aldatu gura dugu”. Udal funtzionamenduari dagokionez, udal kontuen auditoria publikoa egiteko konpromisoa hartu dute eta kargu politikoen soldatetan “transparentzia eta zorroztasuna” ezarri gura dituzte. Udaleko erabakietan herritarren “benetako parte hartzea “ sustatu gura dute eta horretarako araudian behar diren aldaketak egiteko prest agertu dira.
Udaleko ekintza denak herriko “trantsizio ekologikora” bideratuta egongo dira. Energia berriztagarrietan oinarritutako eredu energetikoa izango dute helburu programan jaso dutenez. Jauregibarria parkearen berriztapenean “arreta berezia” izango dute eta gune hark hezkuntzan, ingurugiroan eta pertsonen ongizatean duen garrantzia “balorean ipini” gura dituzte. Hirigintzari dagokionez, besteak beste, trenaren lurperatzea “herria banatzen duen eta zintzilik dagoen gaia” dela uste dute eta hurrengo legegintzaldian arlo horretan “aurrepausuak” eman gura dituzte beste instituzio batzuekin elkarlanean. Auzoen eta herrigunearan arteko loturak ere hobetu gura dituzte; esaterako, herrigunearen eta Montorra auzoaren arteko oinezko lotura “premiazkoa” dela diote eta baita Zubipunte eta Ogenbarrena lotuko dituen oinezko zubia ere. Etxebizitza politikei dagokionez, alokairu sozialeko etxebizitza publikoen aldeko apustua egiten dute “eskuragarriak, errentaren araberakoak eta urtero berrikustekoak” izango direnak.