Stef Iberiako langileek lanuzteak deituko dituzte "lan baldintza duinak" bermatu ezean

Anboto 2015ko mai. 9a, 10:55

Stef Iberiako langileen elkarretaratzea

Zornotza Stef Iberia enpresako langileek elkarretaratzean bildu ziren zuten atzo. Datorren asteko eguenetik aurrera lan uzteak egiten hasiko direla iragarri dute.

Lehikortasunari eusteko enpresak aurrekontuak doitu ditu eta horrek langileei eragin die. Produktibitatea handitzea gura du enpresak. Langileak “hori onartzeko prest daude”, adierazi du Garikoitz Arruza LABeko kide eta komiteko presidenteak, baina horretarako “baldintza duinak” eskatu dituzte.

Alde batetik, lanerako baliabide hobeak beharrezko ikusten dituzte ekoizpen mailari eutsi ahal izateko; esaterako, eskuz mugitu beharreko karga astunak eramateko makinak: “Produktibitatea igo daitekeela uste badute horretarako erramintak eman behar dizkigute, eta ez pisu edo erantzukizun osoa langileen gainean jarri”. Ekoizpen maila zehazteko ‘orduko kaxa kopurua’ baremoa darabiltela diote, baina ez dituztela kontuan hartzen ekoizpenean eragin dezaketen beste hainbat aldagai. Bigarren eskaera trataerari buruzkoa da; “Langileek nagusien presioa beren gainean sentitzen dute gau eta egun”. Beraz, horiek dira eskaera nagusiak: baliabide gehiago ahalbidetzea eta langileen gainetik gehiegizkoa iruditzen zaien presioa kentzea.

Enpresak langile bat ere kaleratu du eta langileak enpresari salaketa jarri dio. Arruzaren ustez “bidegabeko kaleratzea” da.

Horregatik guztiagatik protestak hasi dituzte; eguenetik aurrera egunero enpresaren aurrean kontzentratzen dira lan orduetatik kanpora. Enpresako zuzendaritzaren aldetik euren eskakizun nagusiak bermatuko direla dioen idatzizko konpromisoa gura dute. Eguaztena jarri dute muga-egun moduan; Eskatutakoa bete ezean, eguen goizetik aurrera ordu biko lan-uzteak egingo dituztela iragarri dute.

Produktibitate maila aproposak ahalbidetuko dituen azterketa bat martxan dagoela dio Arruzak: “Enpresa azterketa mota bi egiten ari: langileen arteko azterketa psikosoziala eta lan ekoizpenean sortzen diren hainbat aldagai kontuan hartzen dituen azterketa. Guk eskatzen duguna da azterketa horiek egin eta ondorioak denen artean eztabaidatu eta adostu arte, langileen gainean dagoen presio hori kentzea”. “Gu orain arte egin dugun lana egiteko prest gaude, gure asmoa ez da erritmoa jaistea”.

Komitean denak bat, langileen artean ez

Enpresa komitea CCOOk lau ordezkarik, ELAko hiruk eta LABeko bik osatzen dute. Arruzaren esanetan ikuspuntu bera dute ordezkari denek eta norabide berean ari dira. Langileen artean, aldiz, ez dago guztien adostasunik. Guztira 107 langile dira:; 70 bat fabrikan eta 30 bat bulegoetan. Azken langileen batzarrean baiezkoak eta ezezkoak parean izan ziren; 75 bat langilek bozkatu zuten eta bategatik irabazi zuen baiezkoak.

Stef Iberia enpresa multinazionala da. Frantzian du egoitza nagusia, baina Madrilen duten beste enpresa batean hartzen dituzte Zornotzako plantari dagozkion erabakiak. Elikagai izoztuekin lan egiten dute. Zornotzako plantan elikagaiak jaso, biltegietan izoztuta gorde (zero azpitik 20 gradutan lan egiten dute), eskariak prestatu eta, azkenik, banatu egiten dituzte. Eroski eta BM lako supermerkatuak hornitzen dituzten, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!