Prozesu horren ostean “gauzak argi ditugu” azaldu du Andoni Agirrebeitia alkategaiak eta legegintzaldirako zutarri nagusiak azaldu ditu: Enplegua sustatzea eta Zornotzan azken urteetan izandako hiri eraldaketaren bidean jarraitzea: “Herritarrek euren lan egoera hobetzeko ekintzak eskatzen dituzte. Era berean, oso ondo baloratzen dute azken urteetan aurrera eramandako hiri eraldatzea eta bide horretan jarraitu dezagun nahi dute, azpiegiturak hobetuz, zerbitzuak zabalduz eta oinezkoendako atseginagoa den herria bermatuz”. Hori guztia 10 lan ildotan jaso dute.
Enplegua sustatzeko enplegu eta sustapen ekonomikorako bulegoa sortuko dute, zerbitzu integral eta pertsonalizatua eskainiko liekena langabetuei zein lana dutenei. Herriko enpresentzako pizgarri neurriak ere ezarriko lituzkete.
Bigarren zutarria Zornotzan azken urteetan izandako hiri eraldaketaren bidean jarraitzea da. Bide horretan hainbat azpiegitura berri egiteko asmoa azaldu dute; esaterako, kirol arloan, Betarraganen erabilera anitzeko kiroldegi berria egiteko asmoa dute; Urgozo deituko litzateke eta Ixerbekoakoa ordezkatuko luke: “Zornotzak XXI. mendeko kiroldegia behar du”.
Komertzioari eta ostalaritzari dagokionez, sektore turistikoa indartzen jarraituko dutela adierazi du “gizartearen eta ekonomiaren garapenarako traktorea” delako. Herritarrei zuzendutako zerbitzuak ere handitu gura dituzte, batez ere, “eremu soziosanitarioan”, bai Nafarroan Zentroan eta bai anbulatorio berrian. “Zornotza erreferentea da zerbitzu sozialei dagokionez eta horrela izaten jarraitu gura dugu”. Familien beharrizanak aintzat hartuta, besteak beste, Zubiondo eta Nafarroa inguruan estalitako jolas gune bat egiteko asmoa dute.
Kultura, oinezkoak, auzoak eta euskara
Kulturari lotutako asmoei dagokionez, kultura “gastua barik inbertsioa da”, da EAJren filosofia. Eremu horretan Zelaieta Zentroak eskaintzen duen zerbitzua azpimarratu ditu eta haren ondoan egiteko asmoa duten Musika Eskola ere aipatu du.
Mugikortasunari dagokionez, esaterako, oinezkoentzako ibilbide berri bat egingo lukete Zornotza herrigunetik Autzaganera. Oro har, EAJk oinezkoentzako “herri atseginagoa” bermatu gura duela adierazi du eta Kaitana inguruko eraldaketa jarri du adibide moduan: “Eraldatze espektakularra da, Zornotzako hedatze prozesu berriari buruz ari gara”. Zornotzako auzoak ere izan ditu hizpide Agirrebeitiak. Ogenbarrena, Ixerbekoa, Jauregizahar, Gane, Astepe eta San Miguelen, besteak beste, hobekuntzak egin gura dituzte. Azkenik, euskararen erabilera bultzatzeko eta herriko historia eta ondarea ezagutarazteko planak abiarazteko asmoa ere erakutsi du.