Ginekologia zerbitzua hobetzeko sinadurak batzen dabiltza

Anboto 2015ko mai. 7a, 10:07

Zelaieta Zentroaren ondoan dago osasu zentroa

Esku-ohe eta ekografo berriak eskatzen dituzte.

Zornotzako anbulatorioko ginekologia zerbitzuan hobekuntzak eskatuz martxan dagoen sinadura bilketa datorren eguaztenean amaituko da. Herriko hainbat norbanakok aste santu inguruan abiatu zuten eta orain arte 300 sinadura batu dituzte.

Osasun Sailari hobekuntza zehatz bi eskatzen dizkiote. Batetik, mugikortasun arazoak dituzten emakumeei egokitutako esku-ohe berri bat. Izan ere, "edadeko emakumeei edo haurdun daudenei kosta egiten zaie esku-ohetik igotzea eta jaistea, ginekologoak berak esan digunez", dio Ziortza Makazaga sinadura bilketaren sustatzaileetako batek.

Bigarren eskaera ekografo —umetokia  ikusteko aparatua—  berri batena da; orain dagoena "zaharkituta" dago eta ez ditu diagnostiko zehatzak ahalbidetzen. Horren ondorioz "hainbat arazo" izan dira: "Esaterako, zerbait ondo ez zegoela iritzita haurdun zegoena Gurutzetako ospitalera bideratu eta han dena ondo zegoela ikustea. Ekografo berri batek zehaztasun handiago ahalbidetu eta horrelako arazoak ekidingo lituzke".

Anbulatorio berria 2016ko udan irekitzea aurreikusita dago. Orain anbulatorioan daude azpiegiturak eramango ei dituzte berrira. Beraz, hobekuntzak orain egin, eta ondoren, berria irekitzen denean, zaharretik berrira eraman daitezkeela uste dute.

Ekimenagaz bat egiteko modu bi daude: sustatzaileengana jo eta euren eskaera orrian sinatzea edo anbulategian eskaera hori jasotzen duen kexa bat erregistratzea. Ondoren, sinadura guztiak anbulatorioko bezeroen harreta zerbitzuan entregatuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!