Alberto J.Sampedro: "Etxanokoa lez, borroka handirik egon ez zen fronte asko ahaztuta geratu dira"

Anboto 2015ko mai. 3a, 10:00

36ko gerran girotutako 'Diario de un gudari en el frente de Euskadi' liburua aurkeztu dute Zornotzan. Kolpe militar faxistari egindako erresistentziaren barruan, gatazka belikoaren bost une ditu ardatz, geografikoki bost gune: Markina, Gernika-Mungia, Zornotza, Lemoako haitzak eta Bilbo-Kantabria. Koordinatzaile lanetan ibili da Alberto J. Sampedro. 36ko gerra eta mendia, hamasei urte dira bi zaletasunak uztartu zituela, eta Aranzadiko tekniko prospekziogilea da gaur egun. Liburua osatzen, beragaz ibili  dira José Angél Fernández eta Juan Ramon Garai.



Etxano eta Aramotz artean eutsi zion frontean bizitakoak jaso dituzue, besteak beste, liburuan; Jaime Urkijo errenteriarraren bizipenak.
Horrek erakarri ninduen Urkijok idatzita utzitako bizipenen hiru atalen artean; eskuz idatzitakoak dira. Hala ere, Etxanora heldu aurretik, Markinatik Mungiara joan zireneko denbora tarte hori ez zenez ageri, ikertzea erabaki genuen. Gernika ere suntsitu zuten tarte horretan. Urkijok Lemoatxen amaitu zituen idatziak, bataila hura berak antolatu zuen. Baina idatziak oso nahastuta zeuden –umetako bizipenak, aititari  buruzkoak, gerra karlistari buruzkoak eta gudari zenekoak, esaterako–, eta hori guztia ondo jarri gura izan dugu.

Dena ordenatu...
Gauza batek bestera eramaten zaitu, eta Lemoan egon eta gero zer gertatu zen ere ikertu genuen: Burdinazko Gerrikora joan zen, Artxandara gero, eta Kolitzara –euskaldunen azken erasoa izan zen–. Asturiastik Frantziara pasatu zen. Horregaz guztiagaz liburua osatu gura genuen. Lotura haria hartu, eta iparraldeko fronteak Bilbo jausi artean bizitakoak batu ditugu.

36ko gerran dago girotuta.
1936ko Gabonetan hasten da istorioa, Bilboko Uribarriko kuartelean dagoela. Handik Markinara bidali zuten, Rosa Luxenburgo Arrosa batailoian. Kapitain intendentea zen bera, eta komandantea Manuel Cristobal Errandonea zuen. Urberuagako bainuetxera bidali zuten, ingeniaria izanik, hura babeslekutzat egokitzeko. Hor hasten da istorioa.

Biografia bat da?
Urkijok bizitakoak kontatzen ditu. Ikusi eta egindakoak. Adibidez, Durangora joan zenekoa: intendentziara joan behar izan zuen janari bila, eta sarraskiak ahozabalik utzi zuen.

Zornotzan, Etxano eta Aramotz artean mantendu zen frontea.
Autzagane eta Etxano arteko zati horretan eutsi zioten. Ia ez du oihartzunik izan, baina badago hor mendi kota esanguratsu bat: 333a, Heriotzaren pinudia deritzona. Soldadu asko jausi ziren bertan, alde batekoak eta bestekoak. Miliziano bat (Dragon Esquivo batailoikoa) aurkitu nuen nik hor, 2008an; 2009an, lurpetik atera genuen. Metro erdiko trintxerak zituzten.

Fronte gogorra izan zen.
Hotza, euria, gutxi estalitako trintxerak… Oso baldintza eskasak ziren, eta, idatzi batzuetan jasotakoaren arabera, nazionalen artean bazeuden eskua trintxeratik atera zutenak, tiro egin ziezaieten eta atzeguardiara bidali zitzaten. Hamabost egun egon ziren, maiatzaren 18an Zornotza jausi zen arte. Gero, Aramotz eta Lemoa artean eutsi zioten, uztailaren 5-6ra arte. Azkenengo bataila hori, Lemoatxekoa, ezagunagoa da. Hainbat liburutan agertzen da.

Ahaztuta geratu da Zornotzako frontea.
Beste asko bezala: Urkiola, Saibigain, Otxandio eta Intxorta, adibidez, entzungo zenituzten. Baina, Arraten, adibidez, hiruzpalau hilabete egon ziren, 50 metroko trintxeretan. Borroka handirik egon ez zen fronte asko ahaztuta geratu dira.

Jaso duzue anekdota bitxirik?
Asko. Adibidez, Urkijok bere burua ez zuen komunistatzat –ANVkotzat edo abertzaletzat zuen bere burua–, baina Rosa Luxenburgo batailoi komunista zen, eta batailoi horretakoak soldadu astuariarrekin egon ziren Etxanon. Sasoi hartan gudaria (abertzalea) eta milizianoa (ezkerrekoa) izatea asko bereizi arren, beretzat denak gudariak ziren. Asturiarrek sukaldeak jarri zituzten elizako portikoan, eta, kulturik egon ez arren, miliziano bat barrura sartu zenean errieta egin zion Errandoneak –komunista bera–, txapelagaz sartu zelako. Astuariarrei dena txukuntzeko agindu zien, eta baserrietan gordeta zeuden apaizak aurkitzeko ere bai. Errandonea apaizekin batzartu zen, eta eliza txukuntzeko eta kultoagaz berriro hasteko aukera eman zien. Bitxia da, komunistek edo gorriek apaizak hil, eta elizak eta mojak erre zituztela esan delako beti. Bestalde, baserri batzuetan oiloak lapurtzen saiatzeagatik Barakaldo batailoiko hiru soldadu epaitu zituzten, eta horietako bi Etxanoko hilerrian fusilatu. Urkijo abokatu defendatzaile izan zuten. Eusko Jaurlaritzak baserritarrak zaintzeko agindua zuen.

Zenbat milizianok jardun zuten Etxanon?
Brigadak baino ez ziren heldu: Rosa Luxenburgo, Amuategi, Rebelion de la Sal eta Barakaldo. Komunistak, sozialistak eta abertzaleak ziren arren, lortu zuten konpontzea. Autzagane inguruan 2.400 soldadu ibili ziren. Luxenburgo batailoia eta brigadak Burdinazko Gerrikoan ere egon ziren, nazionalak Bilbora sartu ez zitezen.

Prospekziogile lanetan gauza asko aurkitu dituzu?
Sukaldeko gailuak, uniformeak, intsigniak, granadak, identifikazio txapak, armak, gerriko-
belarriak... Miliziano bi ere aurkitu ditut. Gorpuekin aurkitutakoak familiei eman dizkiet.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!