Urteroko ohiturari eutsiz, domekan, Bizkargiko Eguna ospatuko dute izen bereko mendian dagoen Santa Krutz ermitaren bueltan. Gune horretan lau herrik muga egiten dute: Zornotzak, Larrabetzuk, Morgak eta Muxikak.
Bizkargi mendiak esanahi berezia du historikoki, 36ko gerran borroka latzak gertatu zirelako bertan.
Hildako eta zauritu asko izan ziren alde bietan. Izan ere, balio handiko tontorra zen estrategikoki. Baina gerraren aurretik ere batzen ziren Bizkargin, jai giroan. Beraz, domeka honetan, jaia eta oroimena uztartuta ospatuko dute eguna. Ohi bezala, 12:30eko oroimen ekitaldiaren ostean, Etxanoko auzo elkarteko ordezkariak txuzoa lurrean sartuko du, ondoren etorriko diren ekitaldiei hasiera emanez.
Ondoren, Etxahun Lekue, Xabier Arriaga Txiplas, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza bertsolariek bertso saioa eskainiko dute. Ostean, 13:00etan, Zornotzako Zirkinik Bez musika taldeak emango dio jarraipena jaiari. Oro har, egun osoan ez da musikarik faltako; ohiko txistulariez eta trikitilariez gainera, aurten joaldunak ere entzun ahal izango dira Bizkargin.