Boroa auzoan saneamendu kolektorea eraikitzen hasiko dira

Anboto 2015ko api. 30a, 15:09

Kolektore berriak 2,5 kilometro izango ditu eta Boroa auzoko hondakin urak jaso eta udal saneamendu kolektorera eta Astepeko hondakin uren araztegira bideratuko ditu.

Zornotzako Udalak 360.000 euro inbertituko ditu Boroan saneamendu kolektorea eraikitzeko. Lanak Construcciones Morgak egingo ditu, datorren astelehenean hasiko dira eta urrirako amaitzea itxaroten dute.

Gaur egun Boroan ez dago udalaren saneamendu kolektorerik. Horrenbestez, etxebizitza bakoitzak bere putzu septikoa du gero isurketa landa edo errekara egiten delarik. Horrek hatsa sorrarazten du batez ere euri gutxi egiten duen sasoian.

Kolektoreak 2,5 km-ko luzera izango du gutxi gorabehera. Boroa inguruko hondakin urak jasoko ditu eta Boroako industrialdean dagoen udalaren saneamendu kolektorera igorriko ditu.  Era berean, Astepeko Hondakin Uren Araztegira eramango dira. Kolektoreak 28 eraikinetako hondakin urak jasoko ditu, horietariko asko bizitza bikoak. Etxebizitzez gain, auzoan jatetxe bat dago (Boroa jatetxea), txoko bat eta igerileku bat.  Kolektorea egiteko 120 metro inguruko luzera izango duen zulo bat egingo da. Bost metroko sakonerara arte Boroa jatetxeko aparkalekuaren azpitik joango da.

Saneamendu kolektorea egiterakoan, dauden putzu septikoak baliogabetuko dira eta eraikinak lotzeko harguneak egingo dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!