Udal hauteskundeak 2015

EHBilduk Zornotzako hautagaien zerrenda aurkeztu du

Anboto 2015ko api. 21a, 11:24

Zornotzako EHBIlduko hautagaien zerrenda

Urko Lopez buru duen hautagai zerrenda aurkeztu zuen EHBilduk zapatuan, Zelaieta Zentroan.

Aurreko legegintzaldian legez, Urko Lopez izango da alkategaia. 40 urte ditu ekonomia eta enpresa zientzietan doktorea da. Irakasle eta ikertzaile dihardu Mondragon Unibertsitatean.

Aurkezpenean Zornotzako EHBilduren programako ardatz nagusiak ere azaldu zituzten. Esaterako, herritarrek udal gaietan “parte hartze zuzena izan dezaten mekanismoak martxan jarri gura ditugu, udaletxea herriari gerturatuz”, Lopezen berbetan. Gardentasunaren alde lan egiteko konpromisoa ere adierazi zuten “bai lizitazioetan eta bai udal barneko jardunbideari dagokionez”. Aldi berean, "udaletxeko kontuen ikuskaritza independentea egongo da legealdiaren hasieran eta bukaeran".

Auzoen eta herrigunearen artean sortu daitezkeen desorekak ere kezkatzen ditu: “Ezin dira egon lehen eta bigarren mailako auzoak, zerbitzu eta bizitza kalitate berdina bermatu behar dugu denetan”. Kaleko argiztapenari dagokionez herrian “kexa asko” dagoela eta hori hobetzeko lan egingo dutela esan zuten. Horri lotuta eta herritarren segurtasuna bermatu guran, “Zornotzan dauden puntu beltz guztiak behatu eta zuzenduko ditugu”.

Beste proposamen askoren artean “berdintasun departamendu bat” sortzearen alde ere agertu ziren "jardunaldi osoko teknikari batekin".

Honako hau da Zornotzako EHBilduren zerrenda osoa: Urko Lopez, Itxaso Gerediaga, Ander Uriarte, Izaskun Oyanguren, Xabier Irakulis, Leire Ugarte, Iosu Aurtenetxe, Olaia Hormaetxe, Ibai Gallastegi, Ainhoa Iturrieta, Pedro Juan Bereziartua, Begoña Atxa, Argoitz Argote, Amaia Iturrioz, Josu Silloniz, Paule Ranero, Ander Gerrikaetxebarria, Yolanda Ruas, Fernando Larrinaga, Itxiar Madariaga.

 

Hautagaien zerrenda eta euren gaineko datuak:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!