Astepen egoera txarrean dauden eraikinak eraitsi eta gune publikoak egiteko lehen urratsa eman dute

Anboto 2015ko mar. 27a, 15:11

Eraikinak dauden zorua bizitegi-gune izatetik zoru publikoa izatera aldatzeko arau subsidiarioen aldaketari behin behineko onarpena eman diote, aho batez, gaurko udalbatzarrean. Etorkizunean bizilekuen jabetza lortzea, horiek eraistea eta gune hartan azpiegitura publikoak egitea da asmoa.

Iazko irailean udalak agindutako azterketa tekniko batek Astepeko 11 etxebizitza (9 bizileku eraikin batean eta familia bakarreko beste txikiago bi) egoera txarrean zeudela azaleratu zuen. Termitak dituzte. Udalak etxebizitza horietan bizi ziren familiei handik irteteko agindu eta beste etxebizitza bat bilatzen lagundu zien, Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz. Orain eraikinak hutsik daude. Uneko egoera kudeatu ostean, galdera bat airean geratu zen: Aurrera begira zer irtenbide dago?

Azterketak jasotzen zuenez, eraikina saneatzeak kostu handia izango luke, kasik etxebizitzen balioa bera baino handiagoa. Etxebizitza pribatuak diren heinean, jabeei dagokie konponketen kargu egitea eta askok ez dute horretarako baliabiderik. Testuinguru hori ikusita, udalak esku hartzea erabaki du: jabeei eraikin horiek erosi, ondoren eraitsi eta gune hartan azpiegitura publikoak egitea da asmoa.

“Horretarako momentu aproposa izan zitekeela uste genuen”, adierazi du Amagoia Madariaga zinegotziak: “Familientzako irtenbiderik egokiena izan daiteke. Gainera, Astepek ia ez du hornidura publikorik. Azken aldian hango herritarren aldetik jasotako eskakizunak aintzat hartuta, gune hartan jarduteko aukera ikusi genuen”. Gainera, etxebizitzak dauden gunea azpiegitura berriak egiteko toki aproposa dela adierazi dute, Astepe auzoaren erdian dagoelako.

Baina hori guztia gauzatu dadin, aurrebaldintza bat zegoen; familia denak irtenbide horregaz ados egotea, hau da, tira-birarik ez eragitea; eta “ados daude”, David Latxaga alkatearen esanetan. Txosten tekniko batek etxebizitzak tasatu ditu, eta denekin adostasuna dago prezioen inguruan. Udala etxebizitzen jabedun egiteko desjabetzaren bidea erabiliko dute: “Bide hori erabilita, babeseko etxebizitza bat eskuratzeko interesa duten jabeek lehentasuna izatea ahalbidetzen du legeak. Ez dute zerrendarik itxaron beharko”, dio Madariagak.

Beraz, jabeen oniritzia badu udalak, segurtatu dutenez. Baina desjabetza prozesua gauzatu aurretik, beste gestio tekniko bat egin behar dute: Eraikin horiek dauden zorua bizitegi-gune izatetik zoru publikoa izatera aldatu behar dute. Arau subsidiarioetan aldaketa puntual bat eginda lortzen da. Gaurko udalbatzarrean prozesu hori abiatu dute, aho batez. Alegazioei erantzun eta erakunde desberdinen onespena lortu ostean, hiru-lau hilabeteren barruan, aldaketa hori behin betiko onartzea itxaroten dute.

Zer egingo dute zoru horretan?

Astepen 130-150 lagun inguru bizi dira. Orain hilabete inguru udalak prozesu parte hartzaile bat abiatu zuen auzotarrekin. Gune hartako ekintza zehatzak etorkizuneko proiektuak jasoko ditu, baina, seguruenik, espazio hori aparkaleku bat egiteko eta gaur egun badagoen umeendako parkea handitzeko erabiliko dute.

Era berean, aurrekontuetan 100.000 euroko diru atal bat dago Astepeko argiteria edo sarrera-irteerak hobetzeko. Lan horiek datorren hilean hasiko dituztela adierazi dute udal arduradunek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!