Nagusi Aretoan estimulazio kognitiboko ikastaro bat emango dute

Anboto 2015ko mar. 26a, 16:01

65 urte baino gehiago dituztenei bideratuta dago. Guztira hamabi saio izango dira, astelehenetik ostegunera 16:30etik 18:00etara.

Nagusi Aretoak datorren hilabetean estimulazio kognitiboari buruzko ikastaro bat emango du. 'Adimen aktiboa' izenburupean, estimulazio kognitiboa landuko dute, arreta, kalkulua, lengoaia, orientazioa, memoria… bezalako alorrak indartuz.

Ekimena Zornotzako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak sustatu du eta 65 urte baino gehiago dituztenek memoria aktiboaren inguruan erakutsitako interesari erantzun nahi zaio. Ikastaro honetan erabiliko den metodologia guztiz berritzailea da: parte-hartzaile bakoitzak ukipen tablet bat izango du eta saio bakoitzean ariketa batzuk kargatuko zaizkio bere gaitasun kognitibo eta beharrizanen arabera.

Bakoitzak baliabide digitalekin egingo duen entrenamenduaz gainera, bigarren zati ludiko bat ere izango du saioak eta euskarria papera izango da: sudoku motako jolasak, hiru lerroan, 7 akatsak… Taldeko jolasak ere egingo dituzte: hitz elkarteak, hitz katea...

Ikastaroa Nagusi Aretoan emango da. Hamabi saio izango dira eta bakoitzak ordu eta erdi iraungo du. Astelehenetik ostegunera izango da, 16:30etik 18:00etara. Lehenengo taldea apirilaren 13an hasiko da eta maiatzaren 21ean amaituko du.

Interesdunek Nagusi Aretoan eman dezakete izena (Gudari kalea 6) edota 94 694 11 29 telefono zenbakian, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!