Udal hauteskundeak 2015

Zornotzako EAJk udalerako hautagai zerrenda aurkeztu du

Anboto 2015ko mar. 25a, 10:03

Andoni Agirrebeitia Abendibar, EAJ-PNVren Zornotzako alkatetzarako hautagaiak, ondoan izan ditu Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko presidentea, eta David Latxaga, Zornotzako alkatea.

Andoni Agirrebeitiaren esanetan, Amorebieta-Etxano hazi arazi lelo bat baino gehiago da: “Gure erronka da, gure eginkizuna da, eta horretan tematuko gara. Ez dago eraikuntza sozialik desberdintasunak badaude, pertsonak eta biztanleriaren zati bat krisialdian harrapatuta geratzen bada. Horregatik, hazkunde ekonomikoaz gainera, solidaritateak eta politika sozialek gidatu behar dute gure eginkizun instituzionala”. 

Hauteskunde programa egiterakoan, Zornotzako EAJk ‘Sarean’ izenez ezagutzen den ekimen parte-hartzailea dauka; “udalerriaren onerako ekintza zehatzak proposatzeko eta baloratzeko partaidetzarako erreminta zuzen eta irekia da”, adierazi zutenez. Horrez gainera, gogoratu zuten 318 herritar harremanetan jarri direla Andoni Agirrebeitiarekin eta herria hobetzeko baliagarriak izan daitezkeen hainbat proposamen helarazi dizkiotela.

Hautagai zerrendaz gainera, hurrengo agintaldirako hiru ardatz estrategikoak eta 2015-2019 epealdirako hamar ildo nagusiak ere aurkeztu dituzte:

Ildo estrategikoetan lehenengoa gizartea sendotzeari dagokio: Enpleguaren bilaketa gazteen artean batez ere —lehentasunezko jarduera—, egun dauden gizarte zerbitzuen mantentzea eta iruzurraren jazarpen irmoa. Bigarren ardatza nortasunari dagokio: Kulturaren eta kirolaren bitartez, parte hartzea eta gazteen inplikazioa tresna izanik, zornotzarra izatearen harrotasunaren sustapena. Azkenik, Zornotza herriko erdigunea era jasangarrian hobetu gura dute eta azpeigitura berriak eraiki.

 Hauek dira atzo aurkeztu zituzten 10 ildo nagusiak:

- Enplegu eta sustapen ekonomikoko bulegoa sortu behar duten guztiei informazioa eta aholkularitza ematea gertutik, era integral eta pertsonalizatuan.

- Herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzea eta laguntzea Jan Alai eta Haizetara ekimenak bezalakoak eginez. Turismoa indartzea eta garatzea.

- Herriko zerbitzu soziosanitarioak handitzea, bai Nafarroa Zentroan bai anbulatorio berrian.

- Arreta berezia ipintzea familietan eta haren beharrizanetan, umeen jolas-lekuak hobetuz. Zubiondo inguruan jolasgune estalia gaitzea.

- Kulturan inbertitzea. Besteak beste, Musika Eskola berria Zelaieta Zentroaren ondoan.

- Kirola sustatzea. Ixerbekoako instalazioak kirol anitzeko gune berri bategatik ordezkatzea da asmoa eta Kirolgane bultzatuko dute.

- Oinezkoentzako eta bizikletazaleentzako ibilbideak bultzatzea, bidegorri sarea amaituz eta erdigunetik Autzaganeraino oinezkoentzat ibilbide berri bat eginez.  

- Auzoen eta erdigunearen arteko interkonexioa hobetzea, Ogenbarrena, Ixerbekoa, Jauregizahar-Ganen jardun.

- Oinezkoarentzat atseginagoa izango den herria bultzatzea. Karmen eta Konbenio kaleetan jardutea.

- ‘Zornotzarra naiz eta harro nago’ programa martxan jartzea. Euskararen erabilera bultzatzeko planak abiaraztea, eta herriko historia eta ondarea ezagutaraztea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!