'Herriko tabernen' aurkako epaia gaitzetsi du Zornotzako Udalak

Anboto 2015eko martxoaren 23a

Euskal Herriko hainbat herriko tabernari zein bertako langileei eragiten dien Auzitegi Nazionalaren sumario bat zigor-epai bategaz amaitu zen iazko uztailean. Bilduk prozesu osoa zein epaia bera gaitzesten dituen mozioa aurkeztu zuen azken udalbatzarrean, eta Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu zuten. 


2013ko azaroan testuinguru orokorrean oinarrituta antzeko mozio bat onartu zuten Bilduk eta EAJk. Oraingo honek “Zornotzako errealitatean, egunerokotasunean, kalean ikusten ditugun pertsonetan” duela testuingurua zehaztu zuen Urko Lopez Bilduko zinegotziak. Zornotzako Belatxikieta elkarteari eta bertako langileei eragin die sumarioak eta epaiak.

Era berean, urtarrilean Ezker Anitza, LAB, ELA, CCOO, ESK, EHNE eta beste eragile batzuek epaia salatzeko eskainitako prentsaurrekoa gogoratu zuen. UGTko kideak, sindikatuaren izenean beharrean, maila pertsonalean egon ziren.

Mozioak sumarioaren epaia eta exekuzioa gaitzesten ditu, eta “inoiz ere hasi behar ez zuten prozesu politikoetako auzipetu guztien berehalako absoluzioagaz amaitzea” eskatzen du. Era berean, “Zornotzako Belatxikieta zein epaiak eragindako gainerako elkarteek gertu duten itxiera eta konfiskazioa” salatzen ditu. Azkenik, exigitzen du “arerioaren zigor zuzenbidea geratu dadila, bizikidetza demokratikoa eta normalkuntza politikorako oinarri sendoak” eraiki ahal izateko.

EAJren izenean David Latxaga alkateak adierazi zuen ez zitzaiola ondo iruditzen dagoeneko eztabaidatuta dagoen mozio bat berriro udalbatzarrera eramatea, baina “esentziagaz ados” daudela adierazi zuen: “Datuek diote epaiketa politikoa dela, hamabi urtez luzatzea gehiegi da”; horregatik eman zuen EAJk aldeko botoa.
PSE-EEko Antonio Castelleten ustez, “justiziaren erabakiak onartu egin behar dira beti, aldekoak izan zein ez. Horiek dira joko arauak”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!