Herriari bizia emateko, Gazte Eguna bihar

Anboto 2015eko martxoaren 13a

Zornotzako Gazteak bilgunearen familia argazkia

Zornotzako Gazteak bilguneak egun osoko egitaraua prestatu du bihar Gazte Eguna ospatzeko. Ametx Erakundearen laguntza izan dute antolaketan. Adin guztietarako jaia izango da, eta partaidetza helburu duen egitaraua osatu dute. Herriko gazteen topagune bihurtu gura du Gazte Egunak, eta herriari bizia eman gura diote ekitaldiak kalera aterata.


Eguerdira bitartean, gaztetxoak izango dira protagonista. Zapatuan, 12:00etan, Zubiondo parkean jolasak eta tailerrak antolatuko dituzte. 13:00etan, erraldoiak irtengo dira Zelaieta parketik, eta herrian zehar ibiliko dira. Horregaz batera, joareak erabiltzen ikasteko ikastaroa ere egongo da.

Ondoren, 15:00etan, bazkarian batuko dira. Herriko trikitilariek alaituko dute bazkalostea. 18:00etan, Eonian elektrotxarangagaz batera ibiliko dira herritik zehar. Azkenik, 22:00etan, Txapelpunk eta Trikizio taldeen kontzertuak egongo dira Zubiondo parkeko karpan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!