Beraz, zapatutik aurrera, Busturialdetik datozen ibilgailuak Betarragane eremura bideratuko ditu biribilgune eta lotura berri batek. Inguru horretan dago N-635 eta N-634 errepidea lotzen dituen adar berria. Azpiegitura berria Autzagane-Muxika proiektuko lehen fasea da. “Zornotzarentzat ez ezik, Bizkai osoarentzat ere albiste ezin hobea da; eskualde bien arteko komunikazioa arinduko du eta trafikoa modu eraginkorragoan bideratu”, adierazi zuen Herri Lan eta Garraio Saileko diputatua den Itziar Garamendik, azpiegiturara egindako bisitan. Ibilgailu eta oinezkoentzako "segurtasun handiagoa" ekarriko duela ere azpimarratu zuen.
Zornotzako alkate David Latxagaren esanetan, aspalditik desiatzen zuten azpiegitura da. Herritarrei “bizi kalitatea hobetuko” diela nabarmendu zuen, eta azken hamarkadan Zornotza herri antolaketa ikuspegitik bizitzen dabilen eraldatze prozesuan lagungarri izango dela.
Autobusetan aldaketak
Busturialdetik Bilborantz doazen autobusen Zornotzako geltokiak berrantolatu egin dituzte. Azpiegitura berritik sartuko direnez, San Juan kalean eta San Pedro kalean (tren geralekuaren ondoan) geratuko dira. Karmen kaleko geltokian, aldiz, ez da geratuko. Horrela, herritar gehiagok izango dute geltokia gertu.
Bustarialdetik datozenak biribilgune honetan sartuko dira. Zuzen jarraitu behar dute Durangorantz joateko.
Betarraganeko biribilgunean buelta osoa eman eta berriro gorantz. Zubia azpitik igaro eta segituan eskumaldean dago lotura berria.