HiriEkimena sortzeko herri batzarretan parte hartu duten hainbat zornotzarrek proiektu berriaren gaineko azalpenak eman dituzte. Equo, Ezker Anitza eta Podemos alderdien onarpena duen proiektua dela esan dute, baina erabakiak hartzeko eskumena herri batzarrak izango duela. Horrela azaldu du orain arteko bidea Ruben Isasik: “Denetariko jendea dago. Batzuk alderdietan afiliatuta daude edo ibili izan dira edo sekula ez dute alderdiekin zerikusirik izan. Ildo askotako jendea batu da eta afiliazio eta ideologiak alde batera utzita, oinarri amankomunek markatu dute aurrera egiteko bidea”. Beraz, “siglak alde batera utzita, hauteskunde talde” moduan aurkeztuko dira.
Aurrera begira zeregin asko dituzte. Alde batetik, 500 sinadura batu behar dituzte hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. Martxoaren 31tik apirilaren 20ra da horretarako zehaztuta dagoen epea, baina lana aurreratzeko herritarren konpromisoak batzen hasi dira. Martxoaren 15ean eta 22an, 10:00etan, Txiki Otaegi kaleko arkupeetan egongo dira. Astelehenean, 19:00etan, herri batzarra ere egingo dute Zelaieta zentroan.
Hauteskundeetarako hautagaiak primarioen bidez erabakiko dituzte eta prozesu hori ere martxan ipini dute gaur. Lehenengo hautagaiak jasoko dituzte; herritar denentzako atea zabalik dutela adierazi dute. Horretarako pausu bi jarraitu behar dira; batetik, euren Facebook orrialdean (Iniciativa Ciudadana Amorebieta) aurkitu daitekeen Etika Kodeagaz bat etorri behar da; ondoren, hautagaitza aurkezteko, nahiko da mezu bat bidaltzea honako helbide elektronikora: iniciativaciudadanaamorebieta@gmail.com. Mezu horretan argazki bat, norbere burua aurkezteko deskribapen txiki bat, adina, eta hautagai lez aurkezteko motibazioak azaldu behar dira. Epea martxoaren 23ra arte egongo da zabalik.
Ondoren, hauteskundeetara aurkeztuko den 19 laguneko taldea bozketa bidez erabakiko dute. Boto eskubidea izateko nahikoa da izena ematea; adierazi dutenez bozketa egunean bertan egin ahalko da hori; botoen kontrola eramateko egingo dute horrela. Hautagaietan parekidetasunaren irizpidea erabiliko dute; kopuru berdinean, botorik gehien jaso dituzten gizonak eta emakumeak izango dira aukeratuak.
Programa elektorala
Programa elektorala oraindik osatze prozesuan dago. Herritarrei euren ekarpenak egiteko eskatu diete goragoko helbide elketronikoaren bidez. Hala ere, programaren lerro nagusiak jakinarazi dituzte: gardentasuna (udal-kontuen auditoria publikoak, esaterako), enpleguaren sustapena eta garapen jasangarria eta giza eskubideen eta desberdintasunen kontrako borroka.
Adierazi dutenez, udalean ordezkaritza lortzen badute, ez dute egitura aldatuko eta herri batzarrak izango dira erabaki gunea: “Demokrazia zuzena indartu gura dugu”.