Azpiegitura berriak 8.000 metro karratu ditu eta 15 milioi euroko inbertsioa eskatu du Bizkaiko Foru Aldundiak finantziatu duena. Automozioaren inguruko trebakuntzara bideratuta egongo da AIC Academy-aren bidez. Automozioaren gaur eguneko beharrizanak zein etorkizunekoak kontuan hartuta lan egingo du. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak atzoko adierazi zuenez, “hirugarren fase honekin zirkulu bat izten da eta bertako enpresentzat zein nazioartekoentzat askotariko ekimenak hartzeko plataforma bikaina bihurtuko da”.
Bide horretatik, azpiegitura berrietan Gestamp korporazioaren Trebakuntza Teknologikorako Zentro Globala eta Material Berrien Jakintzarako Zentroa egongo dira. Gestamp multinazionalak 93 instalazioa eta, ikerkuntza eta garapenerako 12 zentro ditu 20 herrialdetan banatuta.
Megatech multinazional austriarrak ere ikerkuntza eta garapenerako bere zentro nagusia Boroako azpiegitura berrietan kokatuko du.
AIC 2009an inauguratu zuten eta 2010an bigarren faseari ekin zioten. Enpresen arteko kooperazioa ahalbidetuz automozioaren garapenean aitzindari izatea du helburu. Guztira 45.000 metro karratuko azpiegiturak ditu. Gaur egun, 27 erakunde eta sektoreko 650 profesional batzen ditu.