Kristalezko hezurren aurka, berunezko elkartasuna

Anboto 2015ko mar. 6a, 10:00

Iazko lehen ekitaldiko irudia. Argazkia: La Otra Mirada

La Otra Mirada gobernuz kanpoko erakundeak ongintza gala antolatu du zapaturako, 20:30ean, Zornotza Aretoan. Durangaldeko hainbat musikari batuko ditu ekitaldiak.


Batutako diruaren zati bat Mongoliako gazte biri laguntzeko erabiliko dute. Beste zatia Stop San Filippo fundazioari emango diote.

Bederatzi musikariren abestiak entzun ahalko dira. Horietako bat galiziarra da (Kiko Raimundez) eta gainerakoak Durangaldean bizi dira: Alex García, Usue Martínez, Idoia Bediaga, Jon Montero, Martzel Vargas, Maider Legarreta, Pedro Lanus eta Jugatx Astorkia. Sarrerak 7,5 euro balio du.

Mongolian hainbat proiektu ditu La Otra Miradak. Batutako dirua, batez ere, kristalezko hezurrak izenez ezagutzen den osteogenesi inperfektua gaixotasuna duten Mongoliako haur biri laguntzera bideratuko dute. La Otra Miradako Susana Lorenzoren esanetan, ezagutu zituztenean, “etxetik sekula irten barik” zeuden.

Harrezkero, janaria eta D bitamina ordaintzen dizkie gobernuz kanpoko erakundeak. Horren ondorioz, iaz eskolara joatea lortu zuten. Ebakuntza bat dago umeen bizitza kalitatea hobetu ahal izateko, eta ahaleginetan dabiltza hori gauzatu ahal izateko. Era berean, eraikin zahar bat eguneko zentro bihurtu gura dute urritasunen bat dutenentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!