Ekin elkarte kooperatiboaren eskutik, Vicente Ferren Gobernuz Kanpoko Erakundearen jardunbidea ezagutara ematea helburu duen erakusketa bisitatu daiteke Zelaieta Zentroan, astelehenetik larunbatera. Goizeko 08:30etik gaueko 21:30era egongo da zabalik, Zelaieta Zentroko sarreran erakusketetara bideratuta dagoen gunean. Egunero, 17:30etik 19:30era, mahai informatibo bat ere egongo da. Bertan, fundazioak aurrera eramaten dituen ekintzen gaineko informazioa banatuko dute boluntario batzuek eta diru-ekarpenak egiteko zein fundazioko bazkide egiteko aukera ere egongo da. Erakusketa larunbatean ere ikusgai egon dadin ahaleginduko direla azaldu dute Zelaieta Zentroko kideek.
Erakusketaren izena Haz algo eficaz contra la pobreza da. Besteak beste, Indiako belaunaldi desberdinetako pertsonen testigantzak jasotzen dituzte paneletan; nork bere sasoian lana bilatzeko orduan bizitako esperientziak kontatzen dituzte. Urteek aurrera egin ahala esparru horretan emandako aurrerapusuak islatzea da helburua. Panelek euskaraz zein gazteleraz jasotzen dute informazioa eta argazki askogaz lagunduta daude.
Vicente Ferrer fundazioak Indiako zonalde eta komunitate txirotuen garapenean lan egiten du. Vicente Ferrer-ek (Bartzelona 1920, India 2009) batez ere Indian garatu zuen borondatezko lanik sakonena. 1952an joan zen hara eta hango zonalde txirotuei laguntzen eman zuen bere bizitzako zatirik handiena. 1969an bere izena duen fundazioa sortu zuen. Fundazio horren bidez, hainbat ospitale, klinika, eskola eta etxebizitza eraiki zituzten. 1998an Asturiasko Printzeak Sariak eman zioten egindako lana aintzatesteko.