Goizeko 10:00etan udaletxe parean zain zeuden Adifeko ordezkariak, Espainiak Bizkaian duen ordezkaritzako kidea eta lehenengo lurjabeak. EHBildu eta AHT Gelditu Elkarlanako ordezkariek ere hasia zuten desjabetzen kontrako kontzentrazioa. Denbora batez itxaroten egon ostean, lurjabeek udaletxeko ordezkari batekin berba egin dute eta, ondoren, joan egin dira. Lurjabe bati zer gertatu den galdetuta honakoa erantzun du: "Esan digute udaletxean ez dagoela lokalik libre akten sinaketak aurrera eramateko. Ondorioz, gaurko sinaketak bertan behera utzi dituzte". David Latxaga alkateak informazio hori baieztatu du. "Ez zegoen lokalik libre" eta gainera "eguneko agenda beteta zuen" eta ezin zen akten sinaketan egon. Hori Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkaritzari jakinarazi izan zaiola dio eta notifikazioa heldu ez bada "txartoulerturen" bat egon dela.
Carlos Coscolin Espainiak Bizkaian duen ordezkaritzako kidea haserre agertu da gaur gertatu denarekin. Udaletxeko gela bat eskatzen zuen eskaera-orria otsailaren 5ean bidali zutela dio eta jaso izanaren adierazpena ere heldu zitzaiela: "Sarreran zer gertatzen zen galdetu dugu eta ez zegoela gelarik libre esan digute. Alkatearengatik galdetu dugu, baina ez zegoela esan digute, Beraz, akten sinadura bertan behera uztea beste erremediorik ez dugu izan". Coscolinen ustez, "ezin da egin alkateak egin duena, azken batean euren herritarren kalterako da". Goizean zehar aktak sinatzera deituta zeuden gainerako herritarrei deitzen ibili dira, bertaratu ez zitezen.
Orain prozesua berriro martxan ipiniko dutela adierazi du: "Ez da asko atzeratuko, baina ez da erraza data bat ematea. Gutxienez 15 bat egun beharko ditugu, beharbada gehiago". Jakinarazi duenez baliteke hurrengo deialdia Bilbon egitea, Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkaritzan.
EHBildu eta AHT Gelditu Elkarlanaren kontzentrazioa
EHBildu eta AHT Gelditu Elkarlanako kide batzuek kontzentrazioa burutu dute udaletxe parean deialdia bertan behera geratu den arte. 'Desjabetzarik ez, AHT Gelditu' zioen pankartetako batek. Unai Urruzuno EHBilduko legebiltzarkideak "AHTaren inguruko luzamendua" eskatu du: "Lehenik eta behin azpiegitura erraldoi honekiko hausnarketa bat zabaltzeko eta, bestetik, herri honek benetan behar dituen lehentasunetaz ere hausnarketa serio bat zabaltzeko". Obrak hasi zirenetik bederatzi urte joan direnean "oraindik desjabetzeekin aritzeak obrek daramaten atzerapena adierazten du eta proiektua aurrera joan ahala agertzen ari diren elementu berriek obra erraldoi honen bideragarritasuna ere zalantzan jartzen dute". Eusko Jaurlaritzak "beste lehentasun batzuk" izan beharko lituzkeela dio, "langabezia eta enplegua", esaterako: "Proiektu honek administrazio publikoen aurrekontuak baldintzatu besterik ez ditu egiten eta horrek, era berean, herritarren egoera baldintzatzen du".