Mozioa EHBilduk sartu du. Mozioko puntuekin alderdi denak ados zeuden, baina hitzaurreko zati batzuekin ez. Baina negoziazioen ostean, hitzaurrea moldatu eta EHBilduk, EAJk eta PSEk mozio komuna aho batez onartu dute gaur goizeko udalbatzarrean. Lan istripuaren “arrazoiak ikertzeko eta egon litezkeen erantzukizunak argitzeko” eskatzen du mozioak eta hildako langilearen familia eta lagunei “elkartasuna” adierazten die.
Hitzaurrean jasotzen denez, hildako langilea “lehenengoa da Zornotzan, baina ez gure inguruan”, eta, “gure gizarte garatuan, aurrerapen teknologiko denekin, datu horiek onartezinak dira; dimentsio handiko arazo sozial baten aurrean gaude”. Hori konpontzeko arazo sozial horren “sustraira joatea ezinbestekoa da”. Esaterako, azken urteetako joera den “lan erritmo intentsiboek nekea gehitu eta harreta gutxitzen dute, lan istripuak gertatzeko arriskua handituz”. Sarritan esaten ei da segurtasunean gastatzen dena ez dela kostua, inbertsioa baizik, baina “zoritxarrez, gauzak ez doaz bide horretatik, izan direlako kasuak, non ikerketen ostean frogatu den hain beharrezkoak diren inbertsio horiek gauzatu barik zeudela”.