Bi eskaera nagusi dituzte. Batetik, langile kopurua gehitzea gura dute. Izan ere, Zornotza ez da heltzen Durangok, Galdakaok eta Basaurik duten ratiora –udaltzain kopurua mila biztanleko–, Jose Mari Guruziaga ELAko ordezkariaren esanetan: “Herri horietan 1,6ko ratioa dago, gutxigorebehera, eta Zornotzan ez gara 1,2ra heltzen”. Zornotzan 21 udaltzain daude, eta 18.146 biztanle ditu. Bestetik, azpiegiturei dagokienez, udaltzaingoa dagoen eraikina orain 27 urte atondu zuten, zaharkituta dago eta “leku handiago bat behar dugu; esaterako ez dugu herritarrak ondo atenditzeko espazio nahikorik”. Guruziagaren ustez, “alkateak ez du egoera konpontzeko borondaterik erakutsi”, eta “guk proposamen zehatzak eta arazoa konpontzeko konpromiso argiak nahi ditugu”.
David Latxaga alkateak dio udaltzaingoaren zerbitzuak “lehentasuna” duela, eta, horregatik, “arrazoizko konponbideak” bilatzeko lanean dabiltzala; areago, aurrekontuan diru atal bat sortu dugu zeregin horietarako”. Era berean, hamar urtean udaltzainen kopurua bibiderkatu egin dela gogoratu du.
Bilduko Urko Lopezen esanetan, Langile Batzordea urtean behin batzea “ez da serioa, arazoari ihes egitea da”. Sail guztietako langileen egoera aztertzeko batzorde monografikoak sortzeko eskatu dugu, baina “ez dugu erantzun ofizialik jaso” alkatetzatik: “Eskariei orain erantzun behar zaie, hurrengo legegintzaldira itxaron gabe”.
PSEko Antonio Castelleten ustez, alkateak “txarto” kudeatu dute gaia: “Lau urtean hirutan bakarrik batu da Langile Batzordea. Askotan eskatu ditugu batzordeak, baina ez dituzte deitu”.