Eraginkortasuna bilatzeko, Koadrilen Elkarteak funtzionamendu berria proposatuko du

Anboto 2015ko urt. 13a, 10:46

Jaietako Gazte Eguneko argazkia

Barikuan, 20:00etan, batzarra dute Zelaieta Zentroko auditorioan planteamendu berria aurkezteko

Azken aldian indarra galdu du Zornotzako Koadrilen Elkarteak. Batzarretara joaten den jende kopurua nabarmen jaitsi da eta horrek asko zaildu du askotariko ekintzen antolaketa. Egoera horri irtenbide bat bilatu guran, batzarretara joaten direnek funtzionatzeko modu berri landu dute eta planteamendu berri hori barikuan, 20:00etan, Zelaiera Zentroko auditorioan deituta dagoen batzar irekian aurkeztuko dute.

Zornotzako Koadrilen Elkarteak aisialdi alternatiborako hainbat ekintza prestatzen ditu urtero: koadrilen eguna jaietan, erreka garbiketa, euskara eguna…Orain arte, batzarretara joaten zirenen artean banatzen zituzten ardurak: “Dena denon artean antolatzea zen eredua” Enara Lauzirika gazte asanbladako kidearen esanetan. Gaurko batzarrera eramango duten proposamena “talde txikiak” sortzea da eta ekintzak antolatzeko ardura talde horien esku uztea. Planteamendu berriak funtzionamendu eraginkorragoa bilatzen du; sortutako taldeek hasieratik jakingo lukete zer ekintza antolatu eta euren esku geratuko litzateke lanketa, beti ere talde guztien artean ahalik eta hartuemanik estuena mantenduz.

Azken asteotan Zornotzako hainbat koadrilekin batu dira orain arteko funtzionamendua zein aurrera begirako planteamendu berria azaldu eta barikuko batzarrera gonbidatzeko. Batzarrean erabakiko da aurrerantzean zer bide hartu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!