2015/01/10 18:00 - 19:30
Asteburuan umeei zein helduei zuzendutako antzezlana eskainiko du Markeliñek Zornotzan. Cervantesen Kixote eta Santxo pertsonaien izaerak hartu ditu Markeliñe antzerki taldeak barikuan eta zapatuan Zornotzan eskainiko duen antzezlana osatzeko oinarri. Kixote eta Santxoren laguntasunari buruzkoa da Markeliñeren azken obra: Kixote ameslari eta zoroari, eta Santxo errealista eta pesimistari buruzkoa.
“Zergatik izan behar dugu denok berdinak?” eta “zer gertatzen da gizarteko arauetatik kanpo geratzen garenean?”; horiek dira, besteak beste, antzerki taldeak planteatu dituen galderak. Izan ere, Kixote pertsona konbentzional bihurtu gura du Santxok, baina horrela haren nortasuna galduko luke lagunak. Beraz, bestelako galdera bat ere mahaigaineratzen du obrak: “Santxok zergatik ez dio uzten Kixoteri bere ametsetan murgilduta bizitzen?”. Lagunari hegalak moztu, edo aske eta den bezalakoa izaten utziko dion erabaki beharko du Santxok.