Gabonetako Loteriako bigarren sariko dezimo bat Zornotzako Ibaizabal kalean dagoen administrazioak saldu du. Zenbaki sariduna (92.845) terminalaren bidez saldu dute. 125.000 euro irabazi ditu dezimoaren jabeak. Kontxi Arruti loteria salmenta gunearen jabeak albistea “ilusio handiz” hartu duela dio: “Beti da pozgarria horrelako sariak banatzea”, gehitu du Jon Martinek, Kontxiren loba eta bertako langileak.
Administrazioak 20 urte baino gehiago daramatza zabalik, baina orain bost urte hasi ziren Gabonetako Loteria saltzen eta gaurkoa da horrelako sari bat banatu duten lehen aldia. Aurretik, sari handiak eman izan dituzte, baina beti ‘Primitiba’ eta ‘Bono Loto’ lako ausazko jokoetan. Esaterako, 1995ean 45 milioi peseta balio zituen Bono Loto txartela zigilatu zuten. Denboran hurrago, 200.000 euroko sari bat ere banatu izan dutela azaldu dute.