Ikastolen Elkarteak eta Eroskik ‘Sukaldatu’proiektuari eutsiko diote ikasturte honetan. Proiektuaren helburua familiarteko sukaldaritza sustatzea da, familietan elikadura osasungarria bultzatzeko. Aste honetan Zornotzako Andra Mari ikastolara heldu da eta bertan, bihartik ostiralera, 80 ikaslek parte hartuko dute.
‘Sukaldatu’ lau goizetan banatutako lantegien bidez garatuko da, hainbat ikasgelatako ikasleekin. Lantegiotan, nutrizio-jarraibideak eta elikatzeko ohitura osasungarriak ez ezik, tokiko eta denboraldiko produktuak eta sukaldaritzari buruzko nozioak ere irakatsiko zaizkie. Neska-mutilak erosketak egitera joango dira irakasleekin; ondoren, lantegian otordua prestatuko dute; eta azkenik, kozinatzeko erabilitako espazioa garbitu egingo dute. Gainera, sukaldean aritu ondoren, prestatutako jakiak elkarrekin jango dituzte. Gurasoekin egin beharreko saioak –bi arratsalde astean– Basque Culinary Centerreko irakasle batek zuzenduko ditu.
Aurten 16 ikastolak, 10 eta 14 urte bitarteko 1.280 neska-mutikok eta 320 gurasok hartuko dute parte ekimenean; tartean, Elorrioko Txintxirri ikastola ere badago. Joan zen ikasturtean guztira 13 ikastolak, 1.065 neska-mutikok eta 289 gurasok hartu zuten parte. Proiektuaren abiapuntua honako gogoeta hau da: elkarrekin kozinatzea eta jatea funtsezkoak dira familian eta heziketan, batez ere ikasleentzat. Euskal ikastoletako haurrek ez ezik, familiek ere sukaldaritza eta elikadura orekatuaren garrantziaz kontzientzia hartzea da helburua. Horrela, familiak ekimenaren oinarri bihurtzen dira. Proiektuak, hiru ardatzen bidez –ikastola, familia eta denda edo supermerkatua–, familiartean kozinatu eta jateak osasunean duen garrantziaz kontzientziatu nahi du, alde batetik, eta bestetik, sukaldaritza osasungarriaren eta osasun onaren oinarriak ezagutarazi: kozinatuz gozatzea, elikagai freskoak aukeratzea, produktu industrializatu gutxi kontsumitzea eta sukaldean elkarrekin aritzeko denbora ematea, hain zuzen.