Aurrekontuak ez dira aho batez onartu. Gobernu Taldeko EAJk aldeko botoa eman du, PSE abstenitu egin da eta Bilduk ezetz bozkatu du. Azkenean, gehiengoz, 2015eko aurrekontuak behin behinean onartuta geratu dira.
Datorren urteko aurrekontuen zenbateko osoa 26.470.718 eurokoa da eta udaleko kutxak 2.246.000 euroko superabita du. Diru-kopuru osotik 4.060.144 euro inbertsioetarako erabiliko dituzte. Inbertsioen zenbatekoari eusteak “kudeaketa eraginkorrari esker udalak duen egoera ona erakusten du”, EAJko Iker Basagoitiren ustez. Pertsonetan zentratutako aurrekontuak direla azaldu du eta enplegu neurrietan ahalegin berezia egiten saiatu direla, nahiz eta enplegu politikak ez diren udalaren eskumena. 400.000 euroko diru atala gorde dute helburu horretarako, iaz baino %26 gehiago; diru hori udalak langabetuen kontratazio zuzena egiteko, tokiko enpresek udalerriko langabetuak kontratatzeko laguntzak sustatzeko eta Gaztedi Plana (Amankomunazgoagaz eta inguruko udalerriekin elkarlanean) garatzeko erabiliko da. Nabarmentzekoa da hezkuntza arloan, 54.000 euroko atala gorde dutela familiei eskola-materiala erosten laguntzeko.
Inbertsio nagusiak
Boroa inguruko 25 bat baserri hondakin uren saneamenduko sare nagusira lotzeko 555.000 euro erabiliko dituzte. Lurren gestioa eginda dago eta orain proiektua gauzatzea falta da.
Herrigunean hainbat urbanizazio lan ere aurreikusten dituzte: Zirilo Arzubiaga kalean(187.000 euro); Ogenbarrena auzoko urbanizazio lanen bigarren fasea (627.000 euro); Betarragane auzoko urbanizazio lanen hirugarren fasea; Txiki Otaegi kaleko berrurbanizazioa eta Astepe auzoaren berrurbanizazioa.
Bizkaiko Foru Aldundia errepidean egiten dabilen lanak amaitzean, Zornotza herrigunera sartu barik Durangotik Gernikara joateko modua egongo da autoz. San Juan kalean egingo dute lotunea. Horretarako, San Juan kale ingurua berrantolatu behar du udalak eta zeregin horretara 284.000 bideratuko dituzte, urte bitan banatuta: 115.000 euro aurten eta 169.000 euro 2016an.
Orue-San Miguel eta Etxanorako bidegorri sarea osatzeko 131.000 euro erabiliko dituzte. Era berean, datorren urteko aurrekontuetan sartuta daude Zubiondo parkean erabilera anitzeko gunea sortzea(185.000 euro), domeketan azoka egiten den aparkalekuan estalki finkoak jartzea (35.000 euro) eta Bideen Plana egitea.
Oposizioaren hausnarketa
Bilduko Urko Lopezek azaldu duenez aurrekontuak lantzerako orduan “desadostasunak izan dira nagusi”. “Sintonia kasuak izan ditugu, baina gehiago izan zira desintonia kasuak”. Hala ere, negoziaketa “modu adeitsuan” garatu dela nabarmendu du.
Ondoren, eskatutakotik zer lortu duten eta zer ez kontatu du. Lortutakoen artean dago Txiki Otaegi kalearen konponketa, txakurrak aske ibiltzeko gune bat eta nekazalguneetako bideetarako eta bidegorrietarako partida aregotzea. Erdizka lortutakoen zerrendan sartu ditu larrialdi sozialetarako laguntza (190.000 eurokoa izango da eta 300.000 eurokoa izatea eskatzen zuten) eta eskola materialetarako laguntza (54.000 eurokoa da eta 100.000 eurokoa izatea gura zuten). Azkenik, onartu ez diren proposamenen artean daude berdintasun teknikaria jardunaldi osora jartzea, eta, alkatea, liberatu eta kofidantzazko kargu eta zinegotzien soldatak zein dietak %10 murriztea: “Onartu zaizkigun gauzak azalekoak, partzialak dira, eta ez dakarte aldaketarik, politika modu baten jarraitasuna baizik”. Horregatik eman diete ezetza aurrekontuei.
PSEko Antonio Castelletek azaldu duenez euren lau ildo nagusietatik hirugaz gustura daude. Behar gehien dutenen beharrizanak asetzearen inguruan lan egitea “erraza izan da, hiru alderdiok norabide berean arraun egin dugulako”. Langabeziaren arloan “diru atalak handitzea lortu dugu” eta obren inguruan Jauregizar eta Ogenbarrenako lanak eta Ixerreko aparkaleku berria azpimarratu ditu. Gazteen arloan egin du kritikarik handiena: “Argi esanda, porrot egin dugu. Ez dugu lonjen erregulazioa egitea lortu, ezta gazteen alokairurako laguntzak zehaztea ere”.