Zapaturako egun osoko jaia antolatu du Nañonek, hamar urte egin dituela ospatzeko

Anboto 2014ko azaroaren 27a

Aurten hamar urte bete dira Nañon Zorrontzan Euskeraz elkartea sortu zenetik. Abenduaren 3an Euskaren Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuta, egun osoko jaia antolatu dute elkarteko kideek biharko. 10 urte arkalaz euskeraren egunean leloagaz hamarkada bat bete izana ospatuko dute herritarrekin.


Zapatuan, 12:00etan, gaztetxoentzako ipuin kontalari saioa izango da Luis Urrengoetxea kaleko parkean, Irrien Lagunak klubeko Marikalanbreren eskutik. Ondoren, 13:00etan, Euskorleans Dixie Band taldeak abesti ezagunen jazz bertsioak eskainiko ditu Tomasa taberna paretik abiatuko den kalejiran. 15:00etan, herri bazkarian batuko dira Propi jatetxean. Bazkaritarako txartelak Tomasan eta Urtzan eskuratu daitezke gaur iluntzera arte. Bazkalostean, 17:00 inguruan, Arratiako Jokaldi taldeak erromeria eskainiko du. Urteurren jaiari perkusioa, musika eta kale antzerkia uztartzen dituen Psycho-Clown ikuskizunak emango dio amaiera; 20:00etan abiatuko da Luis Urrengoetxeako parketik.

Nañon 2004an sortu zuten, euskararen erabilera bultzatzeko eta herrian sare euskalduna eratzeko helburuz. Gaur egun, 50 bazkide inguru ditu. Euskararen erabilera sustatzeko hainbat ekintza garatzen ditu urtero, herriko askotariko elkarte eta eragileekin batera; esaterako, Euskaraz bizi gura dot herri lasterketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!