Mahai jokoen inguruko jaialdia egingo dute asteburuan Zornotzan

Anboto 2014ko azaroaren 27a

Lagun talde bat 'Jokoan' jaialdiko mahai joko batean jolasten. Argazkia: Hal Taldea

‘Jokoan’ jaialdiak 100 mahai jokotan jolasteko eta dibertitzeko aukera eskainiko du zapatuan eta domekan Zelaieta Zentroan.

Mahai jokoen gaineko ‘Jokoan’ jaialdiak bosgarren aldia egingo du aurten. Iaz 1.000 lagunetik gora batu zituen. Aurten ere gaztetxo zein helduentzako 100 mahai jokotik gora egongo dira Zelaieta Zentroan zapatuan zein domekan 11:00etatik 20:00etara.

Era guztietako publikoari zuzenduta daude jarduerak, jokoetan adituak direnei zein hasiberriei. Jokoen gaineko azalpenak eman edo sortu daitezkeen dudak argitzeko begiraleak egongo dira. Gaztetxoentzako ludoteka bat ere egongo da; horrela, 4-10 urte bitartekoek euren gune propioa izango dute.

Bestelako ekintza osagarriak ere izango dira; scalextric erraldoia, miniaturak margotzeko tailerra, miniaturen jokoen erakustaldiak eta Hama tailerrak, besteak beste.

Ametx erakunde autonomoak, Zornotzako Forjadores kultura elkarteak eta Hal Taldeak elkarlanean antolatutako ekimena izango da.

Egun bietako egitarau webgune honetan irakurri daiteke: www.jokoan.com

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!