Zaharren egoitzako edadekoen bizipenak jaso dituzte El Carmelo ikastetxeko gazteek

Anboto 2014ko aza. 25a, 17:28

El Carmeloko ikasleen eta zaharren egoitzako edadekoen arteko familia argazkia

El Carmelo ikastetxeko 26 gazte Zornotzako zaharren egoitzako 13 edadekogaz batu dira gaur euren bizipenak jasotzeko. ‘Bizitzaren historia’ ekimenak belaunaldien arteko hartuemanetan sakontzea du helburu.

26 ikasleak, binakako taldeetan banatuta, Jose Maria Azkuna zaharren egoitzako 13 edadekogaz batu dira. Euren bizitzetako hainbat bizipen entzun dituzte eta ondoren horiek idatziz jasoko dituzte, biografia antzerako bat osatuz. Gaurkoa lehenengo saioa izan da, baina beste hiru-lau egingo dituzte. Ikastetxeak eta zaharren egoitzak martxan ipini duten ekimen berriak  ‘Bizitzaren historia’ izena du eta hainbat helburu bete gura ditu: esaterako, belaunaldien arteko hartuemana eta elkarbizitza sendotzeko espazioak eskaini nahi ditu.

Gazte eta edadekoen arteko solasaldiaren eskema gazteek eurek diseinatu dute: “Oroipenaren teknika erabiliz, edadekoak bere bizitzaren laburpen bat egiten du, beretzako baliorik gehien duten bizipenak bilatzen ditu eta gaztetxoekin elkarbanatu”, adierazi du Igurcoko neuropsikologoa den Ainara Castañosek. Aldundiaren sarean dagoen zaharren egoitza kudeatzen du Igurko Zerbitzu Soziosanitarioak. Bizipenak elkarbanatzeko prozesu horren ondorioz, “edadekoak bere esperientziei balio handiagoa ematen die eta besteentzako interesgarriak izan daitezkeela ohartzen da; beraz tailer hau onuragarria da estimulazio kognitibo eta emozionalari dagokionez, eta edadekoaren eta komunitatearen arteko loturak sortzen ditu”.

Onurak norabide bietan datozela azpimarratu du El Carmelo ikastetxeko Lidia Berriok: “Ekimenak errespetua eta belaunaldien arteko tolerantzia bezalako balioak irakasten dizkie ikasleei. Edadekoek transmititzen dizkieten ezagutzak eta esperientziak ikasleen heziketa osatzen laguntzen du”.

Alzhéimer proiektua

Gaur garatzen hasi diren ekimena ‘Alzhéimer proiektua’ izeneko beste programa zabalago baten parte da.   El Carmelo ikastetxearen eta zaharren egoitzaren arteko lankidetza aurtengo otsailean hasi zen belaunaldien arteko ekimen bategaz. Lidia Berrioren esanetan, “gaztetxoek nagusiekiko duten portaera  aldatu egin dela ikusi dugu orain arte egindako ekintzetan, eta edadekoen motibazioan gorakada ere ikusi dugu”. Hain “emaitza positiboen” ondoren sortu zuten ‘Alzhéimer Proiektua’.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!