Zelan joan zen pasa den astean Gizarte Segurantzaren inguruan Zornotzan emandako hitzaldia?
Oso ondo joan zela esango nuke. Hainbat lagun hurbildu ziren gai horren inguruan zituzten kezkak argitzera. Helburua lortu genuen. Helburua zen modu oso erraz batean azaltzea zer gertatzen den Gizarte Segurantzan. Hain zailak ematen duten kontzeptu batzuk modu sinple batean azaldu gura izan genituen. Jendea pozik irten zen.
Gizarte Segurantzaren jardunaren inguruan ezjakintasun handia dagoela uste duzu?
Bai. Guztiok dakigu arazo bat dagoela, eta egunero irakurtzen dugu hori. Horretan gelditzen gara, ez dugulako gehiago sakontzen. Hala ere, ona da arlo honetan sakontzea eta zer gertatzen ari den ezagutzea. Geroago eta gehiago jakin, hausnarketa berriak sortzen dira.
Jubilazio pentsioen inguruan, zein da jendearen kezkarik handiena?
Ziurtasun falta handia dagoenez, jendea kezkatuta dago. Jendeak galdetzen du jubilatzen denean zenbateko pentsioa tokatuko zaion. Aldaketak etenbakoak dira, eta, gainera, aldaketa batzuk ez dira oso gardenak. Jendeari heltzen zaion mezua da gauzak txarto daudela, baina ideia horretan gelditzen direla.
Sistema hausteko zorian dagoela-eta, jendea beldur da etorkizunean gertatuko denaren inguruan?
Kalean geroago eta gehiago hitz egiten da, bai. Jendeak, baina, ez du informazio nahikorik plan pribatuak egiteko, esaterako. Plan pribatuak egiten dira ikusi barik kasu bakoitzean benetako arazoa zein den. Jendea arazo honekiko oso sentibera dela esango nuke.
Gizarte Segurantzaren sistemaren etorkizunaz zer iritzi duzu?
Abiapuntua, hau da, gaur egungo egoera, nahiko larria da. Adibidez, batez besteko pentsio minimoa 1.000 eurokoa da. Batez besteko alarguntasun errenta 625 euro ingurukoa da, eta zurztsasun pentsioaren batez bestekoa ia 400 eurokoa. Beraz, gaurko pentsioak nahiko baxuak dira. Etorkizunean teknikoki elementuak jarrita daude pentsio horiek ez handitzeko. Gainera, larriena da teknikoki tarte handia dagoela murrizketa gehiago egin ahal izateko.
Murrizketak egongo dira?
Elementu teknikoak ipinita daude. 2019an martxan jarriko dena, esaterako. Jasangarritasun faktorea deitzen da. Elementu berri hori sistema pribatuetatik hartuta dago. Horrek malgutasun handia ematen du, zenbaki batzuk aldatuta prestazio guztiak aldatzeko.
Zertan datza sistema horrek zehazki?
Zuk orain erretiroa hartzen baduzu, bizi-itxaropen bat duzu. Orain dela bost urte erretiratu zenak bizi-itxaropen baxuagoa zuen. Sistema solidario batean gaudenez, zure bizi-itxaropena handiagoa izango denez, koefiziente murriztailea aplikatu daiteke. Orain bost urte erretiratu zirenak baino urte gehiago biziko zarela da erabiltzen duten argudioa. Koefiziente hori erregulatu, eta Estatuak gastua kontrolatuta izatea da helburua.
"Jendea kezkatuta dago, |
Kezka hori duen jendea zein profiletakoa da? Erretiroa hartzeko adinera heltzen daudenak dira?
45 urtetik gorakoak izaten dira. Adin horretatik gora duten pertsonak horrelako gauzetaz arduratzen hasten dira. Arraroa da jende gaztea hitzaldi hauetan ikustea. Pena da; azken finean, gazteek ere zenbat eta informazio gehiago eduki hobeto izango litzatekeelako.
Gizarte Segurantzak zelan funtzionatzen du?
Lanean ari garenok kuota bat ematen diogu urtero Gizarte Segurantzari. Diru-sarrera horien bitartez jubilatuen prestazioak finantzatzen dira. Ez bakarrik jubilatuenak, alarguntza pentsio eta zurztasun pentsioa ere bai. Hala ere, nabarmenenak erretiroak dira. Banaketa sistema bat dago, eta bere printzipio nagusia belaunaldien arteko elkartasuna da. Hau da, lanean ari direnek ordaintzen dituzte urtero pentsioak. Arazoa da ekarpenak gutxitzen diren heinean prestazioak ere gutxitu egiten direla. Badirudi hor desoreka puntu bat dagoela, eta hortik sortzen dira arazo guztiak.
Badago modu errazik kalkulatzeko zer pentsio kobratuko dugun?
Kalkulu hori arazo handi bat da. Hiru elementu nagusi hartu behar dira kontuan jubilazioa kalkulatzeko, eta elementu berri bat sartuko dugu 2019tik aurrera. Lau elementu izanda, edozein pertsonak bere kabuz pentsioa kalkulatzea ia-ia ezinezkoa da. Ehuneko izugarriak daude, eta, alde horri dagokionez, hobetu beharra legoke, sistema gardenagoa egiteko. Beste herrialde batzuetan kalkulua egiteko modua gardenagoa da.
Pentsio sistema pribatuei buruz galdetzen al dizute?
Sistema publikoaren inguruan informazio gutxi dago, eta sistema pribatuei buruz ere bai. Zornotzako jardunaldian ere atera zen gaia. Jendeak plan pribatuak konfiantzagatik egiten ditu, eta ez gaia ondo ezagutzen duelako. Zer sistemak ematen dizkizu errentagarritasun eta erabilgarritasun handienak? Non daude gardentasun gutxi duten klausulak? Horixe da erabakia hartu aurretik jakin beharko genukeena. Pentsio plan bat, aurrezteko plan bat edo inbertsio fondoa. Hori guztia ez dute ezagutzen. Gainera, kasu bakoitzean interes batzuk dituzte.
Alarguntza pentsioari buruz ere berba egiten duzu zure jardunaldietan. Pentsio mota horrek zelan funtzionatzen du?
Erraz azaltzeko, soldataren erdia tokatzen zaio ezkongaiari, bikotea hilez gero. Arazoa izaten da, adibidez, autonomoen kasuan. Autonomoen kotizazio baseak ez du soldatagaz zerikusirik. Autonomo bakoitzak aukera du bere kotizazio basea aukeratzeko. Beraz, base minimoa aukeratzeak arriskua du, horren erdia izango delako alarguntza pentsioa. Gauza hauek ez dira asko ezagutzen.